Zumaiako hitz bereziak: GILTZE

Aspalditik erabili izan dira giltze lodiak egiturak lotzeko eta gogortzeko. (Argazkia: Antigoaleko hiztegia)

Aste honetan ere Abelin Linazisorok jasotako hitz bat ekarri dugu. Proposamenak eta oharrak egiteko, idatzi lasai euskaratxanpan@zumaia.eus helbidera (Xabier).

Iltzeari esaten diogu Zumaian “giltzea” (ahoz “giltzia”), hau da, gauzak josteko edo zintzilikatzeko erabiltzen den metalezko pieza mehe eta luzeari. OEH hiztegiak Bergara inguruko bizkaieran eta Azpeitialdeko gipuzkeran erabiltzen dela dio.

Hara Azkoitiko adibide bat: "Egur ori pare bat giltzekin josiko deu". Bergaran, berriz, aldaera bat baino gehiago erabiltzen dituzte: “Giltza, iltza, ultza eta ultze, guztiak entzun daitezke”. Ahotsak.eus webguneko bideo honetan ferratzaile batek “giltzia” esaten du: “Txapia izeten da perria, txapa... lau bat milimetrokua edo, bostekua edo...ipintzen da ta josi giltziakin”.

Baleike aldizkariaren 45. zenbakian, 1998ko apirilean, bestelako adiera bateko adibide hau topatu dugu:  

San Telmo egunera heldu gara, astelehenera, eta giltzea pasatzeko egun egokia dela dirudi, meza, prozesioa eta haur jaialdiaz aparte ez baitago gauza haundirik.

Zarautzen “iltze” esaten dute, eta ajearen esanahi horrekin lotutako bertso baten berri eman zigun Txilikuk:

Izugarriak dira

moxkorraren grinak

horixek menderatzen

egin ahaleginak

bestela izaten dira

bi(har)amun jakinak

kopetean iltzea

ta buruko minak.