Zumaiako hitz bereziak: HOSTRO

Erabiltzailearen aurpegia Euskara Txanpan 2021ko abe. 3a, 10:25
Tabako landareak hostro galantekin Kondekoa baserriaren ondoan. (Argazkia: Eustakio Alberdirena, Javier Carballok utzia)

Zuhaitzei buruzko egutegia argitaratu berri du Zumaiako Udalak, eta  haiekin lotutako beste hitz bat ekarri dugu aste honetan ere. Proposamenak eta oharrak egiteko, idatzi lasai euskaratxanpan@zumaia.eushelbidera (Xabier).

Hosto edo orriari deitzen diogu Zumaian “hostroa” (ahoz “ostrua”). Eskualdeko beste herri batzuetan ere erabiltzen, esaterako Azkoitian eta Zarautzen, letxuga, aza eta antzeko landareen hostoei deitzeko bereziki.

Brigida Ibarbiak bideo honetan azaldu zigun Oikian nola lehortzen zituzten tabako hostroak:

Alanbria ganbaran dana, ta alanbrian taka-taka-taka-taka, dana exekitzen gendun. Eta lehortutzen zanian, mendebala behar zun izan, hostrua ez puskatzeko. Orduan lika-lika-lika-lika danak, kelarra, e!, peatzen zan dana, e! Eta… lika-lika. Ta ordun taka-taka, sustraittikan dana kendu hostrua eta geo dozena bat o eskuan bittu txuxen ta beste batekin buruba itten giñun, sorta, sorta. Ipurdiyak eta muturrak alde batea, kertenetik. On-ona erdikua-ta beste aldea. Hua iya doblia pagatzen zeen. Erdikua puroako, puruantzako, bai.