Zumaiako hitz bereziak: ANDA(R)IKA

Erabiltzailearen aurpegia Euskara Txanpan 2021ko ira. 17a, 08:55

Andarikak egosita, jateko prest. (Argazkia: Wikipedia, Amasuela - Luis Lafuente, CC BY-SA 4.0)

Itsasoarekin eta haitzetako arrantzarekin lanekin lotutako hitz bat ekarri dugu aste honetan. Proposamenak eta oharrak egiteko, idatzi lasai euskaratxanpan@zumaia.eus helbidera (Xabier).

Beste toki batzuetan nekora edo txamarra esaten diotenari deitzen diogu Zumaian “andarika” (ahoz “andaika”).  Asturiasko izena da berez, eta pentsatzekoa da Zumaiara etortzen ziren asturiarrek ekarriko zutela hitz hau. Gainerako hamarrekin alderatuta, azken hanka parea zapala edo laua du, eta igeri egiteko horixe erabiltzen du. Oso haragi preziatua du eta, horregatik, ohikoa da merkatuetan ikustea. 

Adibideetara etorrita,  hara Trini Bidasororen azalpena, Abelin Linazisorok 2004ko urrian Baleike aldizkariko “Gure Zumai zarra” atalean elkarrizketatu zuenekoa:

Orduan haitzian jende asko ibiltzen uan. Txoazkina, lapa, olarrua, andarika, maulixua, ixkira… Ibili beharko! Gaur egun dirua bazebilek, baina orduan ezer ez.

 Anjel Osa Añeza-ri 2006ko uztailean egindako elkarrizketakoa da beste hau:  

Ni neu ez nauk behin ere andariketan ibili. Olarrutara anaia eta biok juten gitxuan eta nahiko olarru ekartzen ginien etxerako. Tomatiakin-eta jateko.

Bixente Esteibarrek ahotsak.eus egitasmoko bideo batean azaldu zuen andarikak bi modutara hartzen zituztela: brankadetan, kakoarekin bultzatuta, edo bestela salabardoekin, karnata jarrita. Baleike aldizkarian 2004ko ekainean argitaratutako elkarrizketan ere aipatu zuen aste honetako hitza:

Orduan ba al zegoan ezer, ba? Haitzera, maulixo, andarika, lapa, olarru eta txoazkin bila. Lapa gordina asko jaten ginien.

Beste adibide hau ere Baleike aldizkarikoa da, 1997ko urtarrilean Joakin Zubeldiari egindako elkarrizketan jasotakoa:

Lehen ez zegoen inongo problemarik bueltatxo bat eman eta 20 andarika hartzeko, baina azken urteotan zeharo urritu dira.

 Bukatzeko, hara nola Jon Maiak Kepa Junkerari idatzitako abesti batean ere agertzen den:

Harriz harri saltoka / itsasertzean / harriz harri saltoka / gu

Harri azpian glu glu / dago andarika / bere atzetik / korrika gu