Zumaiako hitz bereziak: (KILDO) HAMARRA

Erabiltzailearen aurpegia Euskara Txanpan 2020ko eka. 12a, 09:29
Itsaso zabalean igeri ibiltzen dira kildo hamarrak. (Argazkia: Euskal Herriko karramarroak)

Erriotik itsasorako bidea hartuko dugu, eta Marianek esandako beste hitz bat ekarriko dugu aste honetan. Hitzak proposatzeko edo oharrak egiteko, idatzi lasai euskaratxanpan@zumaia.eus helbidera (Xabier).

Zumaian karramarroari deitzen diogu orokorrean “hamarra”. Hiztegietan “hamarratz” jasota dago, hain zuzen hamar hanka edo hagin izaten dituztelako.  Ondarroan “kaamarru” esaten diote.

Horrekin lotuta, bada Zumaian bakarrik erabiltzen den izen berezi bat, R.M. Azkuek ere jaso zuena bere hiztegian: “kildo hamarra”, edo batzuek esaten duten bezala, “kildamarra”. Beste herri batzuetan “patxela” edo “paitela” (Santander inguruan “patelo”) esaten diote. Izen zientifikoa Polybius henslowi da, eta Juan Zubiak kontatu zigunez, karramarro honen berezitasuna da itsasoan ibiltzen dela, igerian. Xabi Arranzi, berriz, amona zenak esaten zion “keldoamarra” agertzen zenean jada antxoa gutxiago harrapatzen zela sasoi horretan. Juan Ramon Larrañagak, azkenik, esan zigun garai batean ikusi ere ez zutela nahi izaten, hagin zeharo zorrotzak dituztelako eta ardorako kotoizko sarea ebaki egiten zutelako. Lupiak arrantzatzeko karnata ona omen da, baina oso ahula denez, goma bat jartzen behar izaten zaio gorputzaren erdian, amua tarte horretatik pasatu eta igerian jarrai dezan.