Zumaiako hitz bereziak: TXANA

Erabiltzailearen aurpegia Euskara Txanpan 2020ko mar. 27a, 08:07
Julio Beobidek lanerako mahaian idatzitako oharra, Kresala etxean. (Argazkia: Xabier Azkue)

Etxe barruan egonda eta egunero igualtsu, asko ez ziren akordatuko udaberrian sartuak garenik. Landareentzat aspaldi amaitu zen negua, eta beste seinale batzuk ere ikusten hasiak gara: txorien doinuak goizetan, kukua kantuan (mendialdean bizi diren batzuek jada entzun dute) eta aste honetan ekarri dugun txoriaren hegaldi bizkorrak.  Hitzak proposatu edo oharrak egiteko, idatzi euskaratxanpan@zumaia.eus helbidera (Xabier).

Enara arruntari (Hirundo rustica) deitzen diogu Zumaian txana. Hiztegi batzuetan txanara ere agertzen da hemen inguruko formatzat, eta Julian Aldaz zumaiarrak txenara jaso zuen 1918an egindako bilduman. Beste izen asko ere baditu txori dotore honek: ainara, azpizuri, beletxiko, elai, enabera, ipurzuri, kulentriña, mitxigu, ninera, zagaro... Txoriak.eus guneak dioenez, bizkarralde urdinkara daukate, buru gorria eta sabelalde zuria; buztan luzea dute, sarde itxurakoa. Hegalari trebe eta arinak dira, eta aireko intsektuak jaten dituzte. Gizakiarengandik gertu bizi ohi dira, eta  atarietako sabaietan egiten dituzte habiak, lokatz pilotatxoak erabilita.

Udaberritik udazkenera izaten dira gure artean, eta behin halaxe idatzi zuen eskuz Julio Beobide eskultoreak: "EPAILLAREN 21AN (UDABERRIAREN ASIERA) LAU TXANA (4) IKUSI NITUN". Martxoan sartu aurretik ere ikusten dira batzuetan. Jexus Gorostolak kontatua da, ordea, txanak urtero maiatzaren 4an agertzen direla. Nola ulertu alde hori? Asier Sarasua biologo eta txorizaleak argitu digu misterioa: Txana beltzak edo arrantxoriak (sorbeltz arruntak, Apus apus) dira santakruzetan etortzen direnak, maiatzaren 3an.