Zumaiako hitz bereziak: Tuntux

Erabiltzailearen aurpegia Euskara Txanpan 2019ko urr. 4a, 09:16

Irudia: Ander Hormazuri

Aurreko batean ‘antuxuna’ ekarri genuen hona, eta aste honetan ura edateko balio duen beste ontzi berezi bat dakarkigu. Zuek ere hitzak proposatu edo oharrak egin nahi badituzue, idatzi lasai euskaratxanpan@zumaia.eus helbidera (Xabier).

Ura edateko eta fresko mantentzeko erabiltzen den lurrezko ontziari esaten diogu Zumaian ‘tuntuxa’; beste toki batzuetan ‘txongila’ deitzen diote, eta gaztelaniaz ‘botijo’.  Itsasertzeko herri batzuetan (Bermeon, Lekeition…) bisigua harrapatzeko itsasoan jartzen zen buiari deitzen diote ‘tuntuiz’ edo ‘tuntux’; badirudi antzagatik hartuko genuela zumaiarrok hitz hori lurrezko ontziari deitzeko.

Zumaian egon zen Tuntuxa izeneko ekoiztetxea, egoitza Goiko plazan zuena; besteak beste, Arriya filma egin zuen. Goiko plazan egon zen, era berean, Tuntuxeneko eskola, Arlabeta izeneko etxean (okindegia du orain behean). Makina bat zumaiarrek ikasi zuten han Gerra Zibilaren aurretik eta ondoren. Abelin Linazisorok hauxe kontatu zuen 2009ko apirilean Baleiken egindako elkarrizketan:

Akordatzen nauk nola ibiltzen giñan jolasian, Tuntuxenian. Hura huan eskola txikidxa, sei urte artekua eo. Ziuan Konpitteozarreneko kalian, Nagusiyan, exkerreta, etxe batian… Sala haundi-haundi-haundi bat huan, pupitriakin, bere arbelakin ta bere gauzakin, ta maestra Axuntxion Tuntuxa huan. Gizena zalako. Tuntuxak baakik nolakuak dian, ezta?