Zumaiako hitz bereziak: Andar!

Erabiltzailearen aurpegia Euskara Txanpan 2019ko mar. 22a, 09:16
Irudia: www.viajaporlibre.com

Aste honetako hitza esapide modukoa da, zarauztar batek proposatua, Zumaiara bizitzera etorri eta atentzioa eman ziolako. Hitzak proposatzeko edo oharrak egiteko, idatzi lasai euskaratxanpan@zumaia.eus helbidera (Xabier).

Horrela azaltzen du  ‘andar!’ zer den Abelin Linazisorok: bitan pentsatu gabe abiatu, joan aditzarekin lotua beti.  

Trini Bidasorori elkarrizketa egin zion Abelinek 2004an, eta hara hango adibide bat: “Paketia hartu eta Donostira juten hittuan, Ondarretako kartzelara. Beaixen bila etorri  baino lehen, andar Donostira”.

Beste adibide bat bideo honetan, Saskarate baserriko Angel Osa zenak esandakoa: “Gabian kandilla hartu ta arrankaziya, eta andar!”.

Ondarroan ere erabiltzen da, haientzat ziztu bizia edo abiadura da ‘andarra’, eta aditz askorekin joan daiteke: andarra hartu, andarra eman, andarrean joan…

Hondarribian ere antzera, martxa edo abioa esateko erabiltzen da ‘andare’: autoaren andarea, esaterako. Esapide modukoa ere bada, ordea, bideo hau horren froga: “Hurrengo goizian, seirak aldera-edo, andare”.

Erroa edo jatorria gaztelanian duela ematen du, ‘andar’ abiadurari ere esaten zaiolako.