Hondakinen bilketa zerbitzuak gabezia handiak dituela salatu eta egoerari irtenbidea emateko eskatu du Urola Kostako EH Bilduk

Erabiltzailearen aurpegia EH Bildu Zumaia 2021ko uzt. 30a, 08:30

Eskualdeko hondakin bilketak egun herrietan dituen gabeziak mahai gainean jarri nahi ditu Urola Kostako EH Bilduk. Izan ere, azken hilabeteetan, herrietako hondakinen bilketa arazoak ematen ari da. Besteak beste, gero eta sarriago ikusten ditugu ontzietatik kanpo edonola utzitako zabor-poltsak. Eta hau urte osoko arazoa bada ere, udan areagotu egiten dira bai poltsak eta bai horiek sortutako usain eta trabak.

Urola Kostako Udal Elkartearen sorreran, lehentasunezko zerbitzutzat hartu zen hondakinen kudeaketa, eta, horrenbestez, gaiari dagokion garrantziaz heltzeko eskatzen dugu.
 
Gogora dezagun aurreko legealditik hondakin bilketaren eskumenak Udal Elkarteari dagozkiola, eta, hain zuzen ere, eskualdeko bi alderdi nagusiak, EAJ eta EH Bildu, akordio batera iritsi zirela zerbitzuaren kudeaketari dagokionez.
 
Akordio horretan, besteak beste, gutxieneko sailkatze helburu batzuk ezarri ziren. Tamalez, ordea, azken bi urteetan, gutxiengo helburu horietatik urrun egoteaz aparte, geroz eta utzikeria handiagoa nabaritu dute eskualdeko herritarrek.

Horrez gain, aipatu behar da, 2017an zazpi hezitzaile arduratzen zirela gaiaz, eta egun, bi hezitzaile baino ez daudela.
 
Horrenbestez, egoerari irtenbidea bilatzeko, Hondakinen Mahaia lehenbailehen biltzeko deialdia egitea eskatzen diogu Lourdes Salsamendi Udal Elkarteko lehendakariari, azken bi urteetan behin baino ez baita bildu. Horrekin batera, dagozkion neurri zuzentzaileak ezartzeko eskatzen diogu.