Alokairurako laguntzak hobetzea proposatuko du EH Bilduk iraileko plenoan

Erabiltzailearen aurpegia EH Bildu Zumaia 2018ko ira. 20a, 09:53
Laguntzak eskuratzeko gehienezko alokairuaren muga 600 eurotik 700era igotzea proposatuko dugu, zoritxarrez Zumaiako errealitateak erakutsi baitu muga hori ez zela erreala. Helburua da laguntza horiek zumaiar gehiagorengana iristea (azalpen osoaren berri izateko, jarraitu irakurtzen hemen:)

 

Iraileko plenora alokairurako laguntzak hobetzeko proposamena eramango du EH Bilduk. Izan ere, aurtengo esperientziak erakutsi du laguntzak eskuratu ahal izateko jartzen diren baldintzak ez direla Zumaiako errealitatera egokitzen, eta ondorioz, zumaiar asko gelditu direla laguntza horietatik kanpo.

EH Bildun uste dugu helburua izan behar dela laguntza zumaiar gehiagorengana iristea, eta horretarako gehienezko alokairuaren prezioaren muga (orain arte 600 eurotan zegoen) 700 eurotara igotzea proposatzen dugu. Izan ere, errealitatea da Zumaian azken urteotan asko igo dela alokairuaren prezioa, eta gaur egun oso zaila dela 600 eurotan alokatzeko etxea lortzea. Duela egun batzuk kaleratu zen Gipuzkoako batez besteko alokairuaren prezioa, eta datu horrek ere erakusten du 600 eurotako muga ez dela gaur egungo errealitatera egokitzen, are gutxiago Zumaia kostaldeko herria izanda.

Horretaz gain, laguntzak eskuratu ahal izateko Zumaian gutxienez 2 urtez erroldatuta egotea nahikoa dela uste dugu, orain arte muga hori 10 urtekoa baitzen.

Torreaga: Babes Ofizialeko Etxebizitza gehiago lor zitezkeela uste dugu.

Udal Gobernuak Sukiarekin Torreagarako sinatu nahi duen akordioarekin lotuta, EH Bilduk azpimarratu nahi du EAJ legeak ezartzen duen gutxieneko Babes Ofizialeko Etxebizitzen kopuruarekin konformatu dela (legeak %20a ezartzen du minimo gisa, eta hori da Torreagarako proposatzen duten kopurua: 250 etxetik 50). Guk uste dugu posible zela Babes Ofizialeko Etxebizitza gehiago lortzea, eta orduan, EAJk zergatik onartu du minimoa?

Hala ere, herritarrei jakinarazi nahi diegu EH Bilduk ez duela Torreagako prozesua oztopatuko; hau da, akordioa sinatuko balitz eta etorkizunean Udal Gobernura iritsiko bagina, balizko akordio hori ez litzateke arriskuan egongo.