Axier Lopez kazetari zumaiarrari eta ARGIA astekariari babes instituzionala ematea eskatuko dugu gaurko plenoan

Erabiltzailearen aurpegia EH Bildu Zumaia 2016ko api. 28a, 14:47
Mozioa sartu du EH Bilduk, Mozal legeak zigortu duen lehen kazetariaren kasuaren harira

Hauxe da mozioa: 

Axier Lopez Rodriguez, Espainako Kongresuak 2015eko uztailean onartutako Mozal Legearen aplikazioaz Estatuan kondenatutako lehenengo kazetaria, Zumaian bizi da, eta ARGIA astekarian egiten du lan.

 

Salaketak dioenez, “2016ko martxoaren 3an Eibarren aurrera eramandako polizia operazioaren irudiak sareratu zituen salatuak @axierL bere Twitter kontuan, inongo baimenik gabe. Irudi horiei esker operazioan parte hartu zuten agenteak identifika daitezke, funtzionario hauentzat identifikazio publikoak dakarren arriskuarekin”. Hau da, kazetariaren delitua bere lana egitea izan da: haien lana esparru publikoan burutzen ari ziren funtzionario publiko batzuen argazkia zabaltzeagatik. Horrela nahiko balute aurpegia estaltzeko eskubide guztiz eztabadaigarria duten funtzionario publikoak, bestalde.

 

Larria eta injustua da. Herritarren Segurtasunerako 4/2015 Lege Organiko honek herritarren oinarrizko eskubideak urratzen ditu, tartean adierazteko eta informatzeko askatasuna, eta informatuta egoteko herritarren eskubidea, Nazioarteko Eskubideak giza eskubide gisa aitortzen dituena.

 

Lege honek mezularia zigortu nahi du. Egun argiz egiten ari den operazio baten berri emateak zer du txarrik? Zer dela-eta, gertatzen ari denaren berri besterik eman ez duen kazetariaren aurka jotzea? Funtzionario publikoen lanaren berri emateak ez al du demokrazia bera indartzen? Non geratzen da denon ahotan dagoen gardentasuna? Kazetarien autozentsura bilatu nahi da? Kazetariek betetzen duten funtzio publikoa egiteari utzi eta esaneko eta morroi nahi al ditu botereak? Babesgabe nahi gaituzte herritarrok eta kazetariok.

 

Mozal Lege honek eskubide zibilak eta oinarrizko askatasunak mugatu eta murrizten ditu. Legeak lanaren arloan, hezkuntzan, gizarte zerbitzuetan, osasunean, etxebizitza eskubidearen arloan eta beste hainbestetan kalean jarduteko aukerarik gabe eta protesta egiteko eskubiderik gabe isilik utzi nahi ditu herritarrak.

 

Aurreko guztia kontutan hartuta, Zumaiako Udal Plenoak ondoko Adierazpen Instituzionala adosten du:

 

1.- Zumaiako Udalak bere babes eta elkartasun osoa adierazten dio Axier Lopez Rodriguez kazetariari eta ARGIA astekariari. Era berean, herritarrek duten informatuta egoteko eskubidearen alde lanean tinko eta zintzo jaraitzeko.

 

2.- Zumaiako Udalak herritarren eskubide sozial eta politikoak murrizten dituen Herritarren Segurtasunerako 4/2015eko Legea indargabetzea eskatzen du.

 

3.- Zumaiako Udalak adosten du hartutako akordio honen berri Axier Lopez Rodriguez kazetariari eta ARGIA aldizkariari ematea; eta, modu berean, baita Gipuzkoako Aldundi Forala, Eusko Jaurlaritza, Eusko Legebiltzarra, Arartekoa, Madrilgo Kongresu eta Senatua, eta Estatuko Gobernuari ere ematea.