DBL-AGI laguntza ez kentzeko eskatzen dugu

Erabiltzailearen aurpegia EH Bildu Zumaia 2016ko api. 26a, 15:08
Mozio bidez, Udalak Gipuzkoako Foru Aldundiari eskaera egitea nahi dugu, prestazio hori ez kentzeko. 1.422 familia unitate eta 700 ume geratuko dira Diru sarrerak Bermatzeko Laguntza jaso gabe herrialdean.

Ostegun honetako plenoan eztabaidatuko da EH Bilduk sartutako mozio hau. Bertan, DBL-AGI prestazio laguntzen gaia jorratzen dugu. Gipuzkoako Foru Aldundiak laguntza hori kendu egingo duela iragarri berri du, etorkinen "dei-efektua" argudiatuz. Gure ustez, argumentu xenofoboak eta klasistak daude erabaki gogor horren atzean. 

Eta "dei-efektuarena" ez da erreala, ez behintzat Zumaian. Datua argigarria da: iaz bederatzi laguntza eskaera egon ziren, eta aurten lau. Gutxitu egin da. 

Hauxe da mozioa: 

 

 

2011ko bukaeran, Eusko Jaurlaritzak gure Gizarte Zerbitzuen prestaziorik garrantzitsuenetako bat den Diru sarrerak Bermatzeko Errenta (DBE, RGI erdaraz) kobratu ahal izateko eskatzen den erroldatze denbora igotzea erabaki zuen; zehazki, urtebete eskatzetik hiru urte eskatzera pasatu zen.

Horrek ekarri zuen, automatikoki, pertsona asko gure babes sistematik kanpo geratu zirela.

Murrizketa sozial horri aurre egiteko, Gipuzkoako Foru Aldundiak, 2012ko uztailean, Diru sarrerak Bermatzeko Laguntza (DBL, AGI erdaraz) sortu zuen, non prestazioa jasotzeko eskatzen den erroldatze denbora urtebetekoa den; hain zuzen ere, Patxi Lopezen gobernuak murrizketa egin aurretik, DBE kobratzeko, urteetan eskatu izan den erroldatze denbora.

Beste modu batean esateko, DBE urteetan izan duen erroldatze denborara itzuliko balitz, DBL berez desagertu egingo litzateke, lehen zeukan estaldura soziala berreskuratuko lukeelako. Murrizketa murriztuko litzateke.

DBL izeneko prestazioak izaera unibertsala dauka, hau da, baldintzak betetzen dituzten pertsona guztiei zuzenduta dago, berdin da nongoak diren, DBErekin beti gertatu izan den bezalaxe.

Gogoratu behar da DBLa Gipuzkoan bizi diren 1.422 familia unitatek jasotzen dutela eta familia horietan 700 ume daudela, legez babestu beharrekoak.

Foru Gobernu berriak hasieratik jarri nahi izan du zalantzan DBLa eta horretarako argudio xenofoboak erabili izan ditu, erakartze efektoa (“efecto llamada” delakoa) aipatuaz, badakienean onuradun kopurua egonkortu egin dela. Zumaian, adibidez, iaz bederatzi eskaera izan ziren, eta aurten lau; jaitsi egin da beraz, onuradun kopurua. Foru Aldundia Marotoren bidetik abiatu da murrizketa sozialak egiten jarraitzeko eta bere jarduera justifikatzeko.

 

Hori dela eta, Zumaiako Udalak honako mozio hau onartzen du:

1.- Zumaiako Udalak bere babesa adierazten die, Gizarte Zerbitzuen erabiltzaile guztiei, inolako salbuespenik gabe; eta gogoratu nahi du ongizate soziala herritar eskubidea dela. Halaber, bere aitortza adierazi nahi die Gizarte Zerbitzuen langile guztiei, beraiek baitira eskubide horren bermea.

2.- Zumaiako Udalak Gipuzkoako Foru Aldundiari eskatzen dio Diru sarrerak Bermatzeko Laguntza (DBL-AGI) izeneko prestazioa erasotzen jarraitzeari utzi eta, bereziki, hori justifikatzeko argudio xenofoboak bere hizkeratik desagertarazteko.

3.- Zumaiako Udalak Gipuzkoako Foru Aldundiari eskatzen dio DBL izeneko prestazioa bertan behera uzteko duen asmori uko egin diezaiola.

4.- Zumaiako Udalak Gipuzkoako Foru Aldundiari eskatzen dio planteatu diezaiola Eusko Jaurlaritzari Diru sarrerak Bermatzeko Errenta (DBE-RGI) jaso ahal izateko eskatzen den erroldatze denbora hiru urteetatik urtebetera pasa dezala, hain zuzen ere, lehen zegoen bezala.

5.- Zumaiako Udalak Eusko Jaurlaritzari eskatzen dio mozio honen laugarren puntuan jasotakoa lehenbailehen burutu dezala.

 

EH Bildu Udal Taldea