Urola Kostako Hitzari aurreko urteetako diru laguntza emateko eskatuko diogu Udalari, mozio bidez

Iazko diru laguntza %82 jaistea erabaki zuen Udal gobernuak aurtengo aurrekontuetan. 28.650 euro jasotzetik 5.000 euro jasotzera igaroko da HITZA.

2016ko aurrekontuetan, Udal gobernuak murrizketa izugarria egin zuen Urola Kostako Hitzari urtero Udalak ematen dion diru laguntzan. 28.650 euro jaso zituen iaz, eta aurten, 5.000 euro bakarrik ematea erabaki du Udal gobernuak, %82ko jaitsiera handia. 

Bidegabea eta bortitza iruditzen zaigu diru laguntza hainbeste murriztea, eta horregatik, Udal gobernuari eskatuko diogu mozio bidez laguntza lehengoa izatea. Datorren ostegunean da udal plenoa, eta hantxe eztabaidatuko da gure mozioa. 

Euskarazko komunikabideek babesa behar dute; kasu honetan, ekonomikoa. Aurrera egingo badute, ezinbestekoa dute laguntza hori, eta Hitza sortu zenetik, halaxe egin izan da eskualdeko Udaletatik, agintean alderdi bat edo bestea egon. Zertara dator orain bapatean halako murrizketa? 2008tik, esaterako, jaso duen laguntza txikiena 26.400 eurokoa izango da. 

Euskarazko komunikabideen beharra dauka euskarak, eta irakurleek ere bai. Hitzari esker euskaraz irakurtzen hasi diren herritar asko daude. 2004an sortu zenetik sekulako ekarpena egin du alde horretatik. Mondragon Unibertsitateak egin duen ikerketan, hauxe dio euskarazko komunikabideei buruz: "Aberastasuna sortzen dute". 

Zumaian 450 bat harpidedun dauzka Hitzak, eta kezkaz hartu dute Udalaren erabakia, proiektuaren bideragarritasuna bide horretatik bukatu egingo dela ikusten dutelako.

Ez dago inolako justifikaziorik Udalak egin duen murrizketa egiteko. Euskarak ekimen denak behar ditu, publikoak eta pribatuak, iraungo badu behintzat. 

Horregatik, EH Bilduren mozioan eskatzen da 23.650 euroko laguntza gehitzea 5.000 euro horiei, gerakineko dirua erabiliz.