EH Bilduk mozioa aurkeztuko du datorren Udal plenoan errefuxiatuen arazoaren inguruan

Erabiltzailearen aurpegia EH Bildu Zumaia 2016ko mar. 17a, 14:53
Errefuxiatuen bizitza bermatzeko, eta Europar Batasunaren eta Turkiaren arteko akordioa behera uzteko eskatuko du mozioan, besteak beste.

TESTUINGURUA:

Europar Batasuna eta berau osatzen duten Estatuak orain dela hilabete batzuk erreakzionatzen hasi zirela zirudien, Egeo itsasoan gertatzen ari den genozidio humanitarioaren aurrean. Plan bat burutu zuten, pertsonen salerosketa zirudiena, baina gutxienez 120.000 pertsona birkokatzeko asmoa zegoen duela hilabete gutxira arte. Bost hilabete igarota, 300 pertsona besterik ez dira birkokatu Europan. Estatu Espainiarraren kasuan, 17.680 pertsona espero ziren, baina 18 bakarrik iritsi dira oraingoz. Bakar bat ere ez da iritsi oraingoz Gipuzkoara. Hasiera batean, 1.000 pertsona aurreikusten ziren EAE-n, ondorioz, Gipuzkoan 333 pertsona inguru espero ziren. Oraingoz esan bezala, bakar bat ere ez da iritsi. Nahiz eta egoera gero eta larriago bihurtzen ari den, oraindik Europar Batasunak eta berau osatzen duten estatuek ez dute esandakorik bete.

Europako Estatuak erreakzionatzen ari zirela zirudien, baina ez da horrela izan. Benetako erreakzioa, pasa den astean izan zuten, emigratzen ari diren pertsonen deportazio masiboak planteatu baitituzte.Aipatu beharra dago gainera, pertsona horien artean, gehiengoa asilo eskatzaile potentzialak direla. Turkiari dirua ordaintzeko asmoa dute, pertsona errefuxiatu hauek jasotzearen trukean. Orain arte, Europar Batasunean planteatzen ari ziren neurriek Estatu bakoitzak jaso behar zituen kopuruarekin salerosketan ari zirela bazirudien, orain negoziatzen ari diren neurriek, zuzenean pertsonen trata kutsua dute.

Neurri horiek hartzen ari den Europa ez da Europa erreala,ikusi baitugu, milaka pertsona mobilizatu direla Europa osoan zehar errefuxiatuek bizitza duina merezi dutela salatzeko. Baina Europa ofizialak, pertsonen bizitzaren aurka doazen neurriak hartzen jarraitzen du. Eta Europa erreal, benetako honetatik, erresistentziak eta elkartasuna eraikitzen ari den honetatik, Zumaiako Udalari dei egiten diogu, Giza Eskubideen defentsara batu dadin. Salatu nahi dugu, NBE-k salatzen duen bezalaxe, atzerritarren kanporatze zuzena planteatzen duen akordio bat europar legediaren eta nazioarteko legedia humanitarioaren aurkakoa dela; Giza Eskubideen Europar Konbentzioak kanporatze kolektiboak debekatzen ditu; eta azkenik, salatu nahi dugu falazia bat dela Turkia herrialde segurutzat hartzea, izan ere, frogatua baitago autoritate turkiarrak errefuxiatuak berriz ere Siriara itzularazten dituela, eta herritar siriarrak tirokatzen ditu Turkia-Siria mugaldean.

Gogotik sentitzen ditugu bidegabekeria hauek. Europar politikak jasaten dituzten pertsona guzti hauen sufrimendua, izugarria da. Joan zen urtean Mediterraneoa zeharkatzen hil ziren 3.000 pertsona baino gehiagoren heriotza edo aurtengo 300 pertsona baino gehiagoren heriotza gogor sentitzen dugu.

Joan zen astean Lesbosera heldu eta bertan blokeatuta geratu diren 3.000 pertsona baino gehiagoren sufrimendua, Europar Batasunak Atenasera joateko ferryak bertan bera uzteko agindua eman duen bitartean. Atenasen blokeatuta geratuko diren 70.000 pertsona baino gehiagoren sufrimendua. Indarkeria polizialak eta mugaldeen militarizazioak eragiten duten sufrimendua, hortzdun hesiekin, ostiko, jipoi eta gas negar-eragileekin. Idomenin egun hauetan bizitzen ari diren indarkeria bezalakoa, Grezia eta Mazedonia arteko mugaldean. Bertan 15.000 pertsona daude pilatuta 1.600 pertsonentzako kanpamendu batetan, %30a haurrak izanik. Ez dute ez ur ez jakirik, kanping dendetan daude, euritan eta hotzez. Gogor sentitzen dugu sufrimendu hau, eta lehenbailehen gelditu behar dela, salatu nahi dugu.

ESKAERA:

Aurrez aipatutako guztiagatik, Zumaiako Udalari −Errefuxiatuei harrera egingo ziela alderdi politiko guztien onespenarekin onartu zuen Zumaiako Udalari−, ondoko adierazpena aurkezten diogu eta Europako Batzordeari, Europako Estatuei eta bereziki, Estatu Espainiarrari eskatzen diegu:

Lehenbailehen bidal dezaten laguntza humanitarioa Idomenira, Grezia eta Mazedonia bitarteko mugaldearen itxieragatik bertan harrapatuta dauden pertsonen beharrak asetzeko.

– Europar Batasuneko barne mugaldeak lehenbailehen zabaltzea, Idomenikotik hasita, berauen itxiera krisi humanitario larriak eragiten ari baita.

Bertara heltzen saiatzen ari diren pertsonentzat, Europara heltzeko

bide seguruak ezartzea eta bide ez seguruetatik etorri diren pertsonak inolaz ere, ez deportatzea.


– Lehenbailehen gutxienez “Europar kupoan” adostutako 333 pertsonak Gipuzkoara lekualdatzea eta Gipuzkoako Foru Aldundiak horien harrera egitea.


– Asilo gaietan nazioarteko legea betetzea. Egun Europako Estatuek lege horiek ez baitituzte betetzen, edota lege horiek ikuspegi murriztzaile batekin interpretatzen ari baitira.


– Pertsonen zirkulazio librea bermatzea, Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsaleko 13.artikuluak dioen gisan.


– Immigrazio politikak aldatzea, Atzerritartasun Legea indargabetuz eta harrera eta giza eskubideen defentsan oinarritutako politiken alde egitea eta ez zigor eta kanporatzeetan oinarritutakoetan.


– Errefuxiatuei buruzko Ez-ohiko Goi-bileraren baitan egindako Europar Batasuna eta Turkiaren arteko Akordio-Printzipioa bertan behera uztea. Eta Europar agintariei eskatzea, horrelako tankerako akordiorik berriro ere ez aztertzea. .


– Hurrengo Europar Kontseiluan errefuxiatuen nazioarteko zuzenbidea eta errefuxiatuen harrera humanitarioa uztartuko dituzten neurriak hartzeko eskatzea.