EAJ Musika Patronatua desegin nahian, ezkutuan eta presaka

Azaroaren 27an Udal Gobernuak oharra kaleratu zuen. Bertan adierazitakoaren arabera, aurreko plenoko gai ordenetik azken orduan egitasmoa atzera bota ondoren, hurrengo plenoan Musika Patronatua desegiteko lehen pausua ematea du helburu. Ohar hori zumaia.eus udal webgunean dago irakurgai. Agiri horren harira hainbat galdera ditugu egiteko:

1.- “Patronatua desegiteko erabakia hartuta bazegoen ere”, dio hitzez hitz oharrak. Erabakia hartuta? Nork? Noiz? Nork du eskumen hori? EAJren 6 botoei eta balizko PSEEren boto bakarrari ez al zaizkio EH Bilduren 6 botoetatik gutxienez 2 gehitu behar erabaki hori hartu dela esan ahal izateko?

2.-  Ondoren dio azaroaren 19ko plenoa baino lehenago, Udal Gobernuak gai honi buruz patronatuko talde gehienekin hitz egin zuela. “Gehienekin”, beraz guztiekin ez. Zergatik ez,  patronatuaren Zuzendaritza Batzordea horretarako edukita? Inprobisazioa eta azken orduko presa agerikoak dira.

3.- Patronatuaren estatutuek diote Zuzendaritza Batzordea gutxienez urtean bitan deituko dela. EAJ gobernura heldu zenetik sei hilabete igarota, oraindik ez da bilerarik deitu (bidenabar, sei hilabeteotan bi kultura batzorde bakarrik egin direla ere salagarria iruditzen zaigu). Ba al dago arrazoi aproposagorik deialdi hori egiteko patronatuaren beraren desegitea baino? Zergatik ez da egin? EH Bilduren ordezkariak albo batera utzi ahal izateko? Horrela dirudi.

4.- Aipatutakoaz gain, oharrak dio plenora eramateak kezka sortu zuela inolako informaziorik jaso ez zuten zenbait talderengan. Hori horrela da, baina gure ustez behintzat, ez zen hori izan gaia osoko bilkurako gai ordenetik ateratzeko arrazoia. Aitzitik, proposamenak behar adina babes ez zuela izango konturatzean hartu zuen EAJk erabaki hori.

5.- Halaber, Udal Gobernuak oharrean dio azaroaren 25ean, alkatea buru zuela, patronatuko taldeen ordezkariekin bilera egin zuela, eta “talde guztiek ulertu zutela Musika Patronatua desegitearen arrazoia”. Bilera horretan soilik patronatua desegitearen berri eman zitzaien taldeei, edo etorkizuneko elkarlanari buruz gogoeta egin zen? Hartu al zuen Udal Gobernuak inolako konpromisorik (hitzez? Idatziz?) orain arteko lan txukuna gutxienez bermatzeko, eta, denon parte hartzearekin, hobetzen saiatzeko? Guk ez dauzkagu galdera hauen erantzunak, hain zuzen, ez ginelako gonbidatuak izan. 

6.- Ematen diren argudioak beharbada zuzenak izango dira, baina, guk behintzat, oraindik ere faltan botatzen ditugu erabaki garrantzitsu hori modu egokian hartzeko beharko genituzkeen elementuak. Izan ere, eta saiatu garen arren, gai honi buruz inolako interlokuziorik ez dugulako izan Gobernu Taldearekin. Bazterrean utzi nahi gaituztelako izango da, agian?

7.- Bat gatoz Udal Gobernuarekin “herriko kultur eta musika ekimenak direla benetan garrantzitsuak” dioenean, hori da benetan arduratzen gaituena eta hori kontutan hartuta eman behar dira pauso sendoak.

Aukera ezin hobea daukagu etorkizunean Zumaiako musika mugimendu aberatsak izan beharko lukeena denon artean irudikatzeko. 

 Horregatik, aurreko agirian esaten genuena ekarriko dugu gogora:

“Gure ustez, gaiaren inguruko benetako gogoeta prozesu bati ekin beharko genioke. Eta horretarako, patronatuko kideekin batera, zer hobetu beharko litzatekeen hausnartu, urte guzti hauetan patronatuak izan dituen emaitza onak aintzat hartuz.. 

Musikaren inguruko irizpideak eta helburuak zehaztu ondoren, horretara bideratutako tresna juridikoaren (patronatua izan edo ez) eztabaidari ekin beharko genioke. Alderantziz egitea, egin nahi zen moduan, gurdia idiaren aurrean jartzea litzateke.” 

Horretarako, berriro diogu, orain arte egon ez den zerbait behar dugu: presak utzi eta beharrezkoa den denbora hartzea, eta elkarlan zintzoa.

Hori horrela, eta pleno hori gauzatu bitartean, eragileekin biltzen saiatuko gara, aurrez aurreko elkarrizketetan beraien iritzia ezagutu eta horren arabera gure boto-aukera finkatzeko. 

Badirudi idiak mugitzen hasi direla, baina oraindik ez daude gurdiaren aurrean.

2015eko Abendua, Zumaiako EH Bildu