“Harriduraz hartu dugu TAOa 15 egunez atzeratzeko erabakia eta azalpenak eskatu ditugu”

Erabiltzailearen aurpegia EAJ Udal Taldea 2020ko eka. 4a, 16:12

EAJ-PNV udal taldeak aste honetan jakin du, gainerako herritarrek bezalaxe komunikabideen bidez, udal gobernuak TAOaren epealdia 15 egun atzeratzea erabaki duela. Jeltzaleengan harridura eta ezinegona sortu du aipatu erabakiak, batetik, udal gobernuak batzordean informaziorik eman ez duelako eta, bestetik, erabakia bera ez dutelako egoki ikusten. 

Izan ere, joan den astean egin zen Hirigintza Batzordean aparkalekuen gaia hizpide izan zen eta ez zen TAOaren atzerapenaren inguruan ezer aipatu. “Hirigintza Batzordean eskatu genuen kirol portuko aparkalekua zabaltzea, lurraldeko mugikortasuna handitu ondoren eta eguraldia lagun, dagoeneko arazoak somatzen baitira Zumaian aparkatu ahal izateko” azaldu du Oier Korta bozeramaile jeltzaleak. Kortak dioenez, TAO epealdia atzeratzeko erabakiaren inguruko informazioa batzordean ez ematea eta gainerako udal taldeen iritziak ez entzutea ez da jokabiderik egokiena eta gardentasun eta elkarlan falta islatzen ditu, are gehiago, batzordean aparkalekuen gaia jorratu zela kontuan hartuta. “Zoritxarrez, azken aldian ohikoa izaten ari da komunikabideen bidez udaleko erabakien inguruko informazioaren berri izatea” azaldu du Kortak “udal gobernuak du erabakimena gai askotan, baina informaziorako eta eztabaidarako eskubidea badugu gainerako taldeek ere eta eskubide hori urratzen ari dela iruditzen zaigu”. “Ekarpenak beti dira aberasgarriak, herritarrenak, eragileenak eta baita talde politikoenak ere” gaineratu du.

Erabakiaren inguruan informatzeko modua alde batera utzita, EAJ-PNV udal taldeak erabakiaren egokitasuna ere zalantzan jartzen du, “orain hilabete gutxi herritarrekin egin genituen bileretan argi ikusi genuen TAO epealdia luzatzeko eskaera nabarmena zela bertakoek Aste Santutik aurrera aparkatzeko izaten dituzten arazoak saihesteko” azaldu dute jeltzaleek, “TAOaren mahaian aukera hori aztertzeko eskaera egin genuen horretxegatik eta erabat ulergaitza egiten zaigu herritarren behar eta nahien aurka doan epealdia laburtzeko erabakia”. Erabakia are ulergaitzagoa egiten zaie EAJ-PNV udal taldeko kideei ikusirik TAO zerbitzua krisiarengatik bertan behera utzi zen udalerrietan dagoeneko martxan jarri dela eta, bestalde, zerbitzua ekainaren 15etik irailaren 15era esleituta dagoela kontutan hartuta epealdia 2 aste laburtzeak esleipenean izan dezakeen eraginaren inguruko informaziorik ere ez dute. 

Horregatik, EAJ-PNV udal taldeak azalpenak eskatu dizkio udal gobernuari bai erabakiaren inguruan eta baita informazio eta gardentasun faltaren inguruan.