Uztailaren 1ean jarriko da martxan TAO zerbitzua

Udako TAO zerbitzua uztailaren 1etik irailaren 15era egongo da indarrean 2020an. Azken urteetan bezala, errotazio altuko guneak, egonaldi ertaineko gunea eta egoiliarrentzako guneak bereiziko ditu Udalak.

Egoiliarren gunean autoa uzteko ezinbestekoa izango da egoiliar txartela izatea; Udalak jakinarazi duenez, dagokien ordainketa egin ondoren, iazko txartela uda honetan berrarabili ahal izango dute herritarrek. Iaztik egoiliar txartela dutenek egunotan norbere etxean jasoko dute 2020ko ordainagiria, eta ordainketa egin ondoren, iazko txartela erabili ahal izango dute.

Ekainaren 8tik aurrera bulegoa irekita

Udalaren izenean azaldu dutenez, ekainaren 8an irekiko dute TAO bulegoa. Aurten Kantauri plaza 7an egongo da bulegoa.

Hala, txartel berria egiteko, zalantzak argitzeko edo aldaketen berri emateko (helbidea aldatzea, ibilgailua aldatzea, iazko txartela puskatu edo galtzea...) herritarrek bulegora deitu edo idatzi beharko dute. Udalak laster jakinaraziko ditu TAO bulegoaren ordutegia, telefono zenbakia eta helbide elektronikoa. Jende pilaketak saihesteko hitzordua eskatu beharko dute herritarrek.