Proposamen soziosanitarioak eta ekonomikoak egin ditu Zumaiako EAJren udal taldeak COVID-19ari aurre egiteko

Erabiltzailearen aurpegia EAJ Udal Taldea 2020ko mar. 24a, 09:20

Konfinamendu egoerari aurre egiteko arreta psikologikoa eta mediazioa eta desinfekzio lanak areagotzea, eta zaintzarako, eta merkataritza eta ostalaritzarako 400.000 euroko dirulaguntza lerroa onartzea eskatu du.

Martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekreturen bidez, COVID-19ak eragindako osasun krisiaren kudeaketarako Alarma egoera deklaratu zen eta alarma egoera horrek zuzenean eragiten die zumaiarrei. Asteburuan iragarri da beste 15 egunez luzatuko dela Alarma egoera eta jeltzaleek iritziz, “guztiok gaude egoera berri eta gogor baten aurrean eta guztion artean aurrera egin beharra daukagu”. Horiek horrela, udala herritarrengandik gertuen dagoen erakundea dela aintzat hartuta eta udal talde bezala jeltzaleek duten erantzukizunari jarraiki, honako proposamenak egin dituzte Zumaiako Udalean.

Neurri soziosanitarioak

“Konfinamendu egoerak gure kaleak hustu ditu, herritarrok ezarritako neurriak azkar batean ulertu eta bete ditugu eta gaur egun pertsonak oinarrizko beharrak asetzeko edota lanera joateko bakarrik irteten gara kalera” azaldu dute udal taldeko kideek. Konfinamendu egoera honek guztion errealitatea aldatu du eta, ondorioz, behar berriak sortu ditu. Behar horiei aurre egiteko ondorengoa proposatu dute jeltzaleek:

  • Ikusirik konfinamendua luzatu dela eta inoiz bizi izan ez dugun egoera horrek familietan izango duen eragina ezin jakinik, batetik, gizarte zerbitzua osatzen duten profesionalei beharrezkoa zaien laguntza ematea zentzu guztietan eta, bestetik, izan daitezken kasu konplexuen aurrean (familietan sor daitezken elkarbizitza arazoak, bakarrik bizi diren pertsonen isolamendua…), nola erantzun eta ze neurri hartu aurreikustea, psikologia zerbitzua, mediazioa…
  • Kale garbiketa lanak egiten dituen enpresari bere lana desinfekzio lan zehatzagotara bideratzeko eskatzea, merkataritza guneetan edota komertzioa duten guneetan, anbulategiaren, San Juan egoitzaren eta Ote-zuriren kanpoaldean eta baita tren eta autobus geltokian ere. 
  • Mankomunitateari edukiontzi guneak desinfektatzeko eskatzea.

Neurri ekonomikoak

Birusari ahalik eta hobekien aurre egiteko eta konfinamendu egoerak sortutako oztopoak gainditzeko neurri soziosanitario horiez gain, eragin ekonomikoei aurre egiteko neurriak ere beharrezkoak ikusten ditu EAJ udal taldeak. Beste erakunde batzuetatik bideratutako neurriak iritsi bitartean, udala izanik herritarrengandik gertuen dagoen erakundea eta, beraz, azkarren mugitu daitekeena, neurri konkretu batzuk proposatu dituzte:

  • Jakinik hilabetez gutxienez zenbait zerbitzu etenda daudela, zerbitzu horiek ematen ez diren bitartean, kiroldegiko kuota eta ikastaroak edota musika ikastaroak, besteak beste, tasa horiek ez kobratzea. 
  • Udal elkargoari proposatzea jarduerarik gabe dauden enpresa edo merkatari eta ostalariei zaborren tasa ez kobratzea eta horretarako udalak jarduerarik gabe daudenen zerrenda osatzea.
    2020ko aurrekontuak onartu zirenean egoera hau aurreikus ez zitekeenez, abenduan onartutako aurrekontuen birplanteaketa sakon bat egitea egoera berria aintzat hartuta, pertsonal kontratazio publikoa handitzeko asmoa gelaraztea, COVID19ari aurre egiteko baliabideak gordez eta brigada handitu beharrean, herriko gremioekin lan egiteko borondatea berreskuratzea beti ere legeak ahalbidetzen duen neurrian, herriko ekonomia supertzen laguntzeko.
  • 400.000 euro bideratuta dirulaguntza lerro berri bat sortzea, udalaren gainetik dauden erakundeen dirulaguntzak iritsi bitartean, ahalik eta azkarren, eragin zuzenak pairatzen ari diren zumaiarrentzat, batetik, zaintza beharretarako eta, bestetik, merkatari eta ostalarientzako: 

A. Zaintzarako laguntzak. 
Hezkuntza zentroen itxieraren ondorioz 0-12 urte bitarteko haurren zaintzarako eta menpekotasuna duten pertsonen ez ohiko zaintzak sortutako eragozpenak arintzeko laguntzak:

  • COVID-19aren ondorioz haurren edo dependentzia duten zaintzarako egin diren kontratazioak diruz laguntzea (Kontratazio bakoitzeko, gehienez ere, 1.000€ko laguntza jardunaldi osoan) 
  • COVID-19aren ondorioz haurren edo dependentzia duten pertsonen zaintzarako soldatarik gabeko baimen eskaerak eta antzekoek sortutako kalteak konpentsatzeko laguntzak (1.000€ hilabeteko, bizikidetza unitate bakoitzeko bat erreferentziatzat hartuz).

B. Merkataritza eta ostalaritza
Komertzio txikia nahiz ostalaritzako establezimenduen eta antzekoen itxieraren ondorioz sorrarazitako kalte ekonomikoen eragina gutxitzeko laguntzak.

Komertzio txiki nahiz ostalaritzako establezimenduen itxieraren ondorioz sorrarazitako kalte ekonomikoen eragina gutxitzeko laguntzak (gehienez ere, 1.000€ko laguntza izango da, hilabete bateko erreferentzia hartuta). 
Bukatzeko, informazioa egoki bideratzeko beharra ikusten dute jeltzaleek eta eskatzen dute:

  • Merkatari eta ostalariei, gainontzeko erakundeetatik egon litezkeen dirulaguntzen informazioa eta lortzeko eman beharreko pausoetan laguntzea.
  • Jakinik ezohiko egoera beste 15 egunez luzatu dela, udalak eskainiko dituen zerbitzuak herritar orori egoki helarazteko bideak identifikatzea eta jorratzea. Ezinbestekoa da hartzen diren neurrien inguruan ongi eta ahalik eta zabalen informatzea. Udalaren zerbitzuen inguruko informazioaz gain herrian zerbitzua ematen duten jardueren inguruan informazioa ematea ere beharrezkoa ikusten dugu: zabalik dauden komertzioak, eskaerak egiteko dituzten kanalak (whatsap, telefonoz edo internet bidez egin daitezken eskaerak…)
  • Herritarrak krisi momentu honetan ahal den neurrian komertzio txikira bideratzea, merkatal guneetako aglomerazioak ekiditeaz gain, herriko merkataritza suspertu eta etorkizunera begira inertziak sortzeko, krisi egoera honetatik ondorio positiboak ere atera daitezkeelako.
  • Herriko merkataritzari aholkua ematea modu telematikoen bidez eskaini ditzaketen zerbitzuen inguruan, ahal den neurrian beren jarduera mantendu ahal izateko.
    Herritarren mesedetarako egiten dituzte eskaera horiek guztiak jeltzaleek, erantzun baikorra izango dutelakoan eta guztion artean bizi dugun egoerari hobeki aurre egiteko helburuarekin.