Telmo Deuneko emakume seniorrek bigarren egin dute gaur Getarian

Onintza Lete Arrieta 2024ko mai. 5a, 17:28

Telmo Deunekoak eta beste klubetako arraunlariak, gaur goizean Getariako portuan. (Julene Sorarrain)

Gipuzkoako Trainerillen Ligako hirugarren jardunaldia jokatu dute gaur goizean Getarian, eta Zumaiak bost ontzi uretaratu ditu.

Gipuzkoako Trainerillen Ligako hirugarren jardunaldia jokatu dute gaur eguerdian Getarian, Antxoa Egunaren harira. Zumaiak bost ontzi uretaratu ditu: bana kadete neska eta mutiletan eta emakumezko seniorretan, eta bi senior gizonezkoetan, bat ligan eta, bestea, kopan.

Emaitza onena senior emakumezkoek lortu dute gaurkoan, bigarren izan baitira, Tolosaldearen atzetik. Hori bai, segundo askoko aldea atera dio aurrenekoak, hogeita hiru segundokoa, hain zuzen.

Kadete neskak zazpigarren helmugaratu dira, kadete mutilak laugarren, eta kopako eta ligako senior gizonak, azkenik, bosgarren.

Liga hurrengo astean amaituko da, Orion. Larunbatean izango dira estropadak, eta hurrengo egunean, igandean, berriro Getarian izango dira lehiak, baina horiek txapelketako finalak izango dira.