Jared eta Eliezer boxeolariak Euskadiko txapeldun izan dira

Aritz Mutiozabal 2024ko api. 22a, 13:00
Zumaiako boxeolariak Euskadiko Txapelketako finalean (Zumaia Cuban Boxing kluba)

Irabaztea merezi arren, txapeldunorde izan da Mady. Zumaia Cuban Boxing klubeko Ruben Arredondok balorazio ezin hobea egin du txapelketaren inguruan.

Zumaia Cuban Boxing klubeko buru eta entrenatzaile Ruben Arredondo oso pozik agertu da Euskadiko Txapelketako finalean lortu dituzten emaitza bikainekin. Larunbatean jokatu zituzten borrokaldiak Zamudioko (Bizkaia) kiroldegian, eta klubetik sailkatu ziren hiru ordezkariek bi txapel eta txapeldunorde titulu bat lortu zituzten, bakoitzak bere kategorian.

Jared eta Eliezer garaile izan ziren; lehena junior mailan, 63 kilotan, eta bigarrena, gazte mailan, 75 kilotan. Eliezerren kasuan, gainera, hirugarren urtez jarraian berretsi du onena dela ring gainean. Mady, berriz, txapeldunorde geratu zen elite mailako 63,5 kilotako kategorian. "Madyk irabaztea merezi zuen, kolpe garbienak berak eman zituelako eta aurkaria baino oldarkorragoa izan zelako. Boxeo hobea erakutsi zuen", nabarmendu du entrenatzaileak.

Lan handia egin dutela nabarmendu du Arredondok, eta gisa horretan Gipuzkoako boxeolariak areagotzen laguntzen ari direla; zazpi gipuzkoar izan dira txapeldun asteburuan, alegia. "Gure kluba handitzen doan erakusle dira emaitzak. Beraz, eskerrik asko jarraitzen eta babesten gaituzuen guztioi".