Helburuak betetzea lortu dute Kbiren xake taldeek

Juan Luis Romatet 2024ko api. 22a, 11:00
Kbi A eta B taldeetako jokalariak pozik jardunaldia amaitu ondoren. (Juan Luis Romatet)

Preferente mailara igotzea lortu du Kbi xake klubeko A taldeak. B taldea, berriz, bigarren mailan arituko da datorren denboraldian ere.

Asteburu biribila izan da pasatakoa Kbi xake klubarentzako. Gipuzkoako xake ligako azken jardunaldia jokatu zen larunbatean, eta Zumaiako klubak egun horretarako zituen helburu guztiak bete zituen.

Lehen mailako taldeak, Kbi A-k puntu bat lortu behar zuen matematikoki liga irabazteko eta preferente mailara igotzeko. Donostian jokatu behar zituen partidak, Gros E taldearen aurka. Zumaiarrek bina berdindu zuten donostiarrekin, eta, ondorioz, bere kategoriako liga irabazteaz gain, maila igotzea lortu zuten. Oier Sarasketa, Xabier Aranzabal, Fermin Lauroba eta Julio Hernan Andrade aritu ziren zumaiarren izenean.

Denboraldia amaituta, lider postuan bukatu du Kbi A-k, 20 punturekin, eta bigarren Gros G 17,5 punturekin.

Ez da hau izan asteburuak eman duen albiste on bakarra izan Zumaiako xake klubarentzako. Izan ere, Kbiren B taldeak maila mantentzea lortu zuen. Bina berdindu zuten zumaiarrek Billabona D-ren aurka. Jaitsiera ekiditeko aurkari nagusia zuen Gros H taldeak ere bina egin zuen, kasu honetan Goierriren aurka, eta puntu erdi batengatik lortu dute zumaiarrek datorren urtean bigarren mailan jarraitzea. Miguel Angel Aguado, Iñaki Arrieta, Oscar Aizpurua eta Antonio Jose Marin aritu ziren azken jardunaldi honetan Kbi B taldearekin.

Kbi C taldeak, aldiz, ezin izan zuen garaipenik erdietsi azken jardunaldian; 0,5-3,5 emaitzarekin atera ziren galtzaile Taula B taldearen aurkako partidan. Endika Ruiz, Alaitz Irigoien, Asier Oliva eta Xabat Esteibar izan ziren Kbi C-ko jokalariak jardunaldi honetan.