Kauldi Odriozolak Frantziako Kopa irabazi du bigarrenez HBC Nantesekin

Jabi Gonzalez Toston 2024ko api. 21a, 17:00
Kauldi Odriozola, ezkerrean, HBC Nanteseko espainiar jatorriko taldekideekin atzo lortutako Frantziako Kopa ospatzen. (HBC Nantes)

Eskubaloi jokalari zumaiarra dagoeneko osatu da Europako Txapelketan izandako lesiotik eta beste titulu bat lortzeko balio izan dio kantxetara itzuli denetik jokatu duen bigarren partidak.

Kauldi Odriozola eskubaloi jokalari zumaiarra bueltan da eta itzulera ezin hobea izan du, Frantziako Kopa irabazi baitzuen atzo HBC Nantes taldearekin, finalean PSG 31-23 menderatuta. Odriozolak joan den asteko ostiralean jokatu zuen lehenengo partida Espainiako selekzioarekin Europako Txapelketan ezker oinean izandako lesiotik osatu ondoren, eta, atzo, aipatu txapelketako finalean parte hartu zuen. Zumaiarrak ez zuen golik sartu, baina gustura ospatu zuen Bretaniako taldearekin lortu duen hirugarren titulua taldekideekin eta zaleekin.

Odriozolak bigarren denboraldia du Neonden eta bitik bitan gailendu da Frantziako Kopan; izan ere, joan den denboraldiko finala ere irabazi egin zuen. Taldera iritsi eta hilabete gutxira jokatu zuen Frantziako Superkopa da HBC Nantesekin Odriozolak jaso duen beste garaikurra. Gainera, oraindik badu denboraldi honetan bertan beste titulurik irabazteko aukerarik. Liga amaitzeko azken bost jardunaldien faltan bigarren sailkatuta dago zumaiarraren taldea PSG liderrarengandik hiru puntura, eta, European League txapelketan, final laurdenetara sailkatu da. Datorren astean jokatuko ditu kanporaketako joaneko nahiz itzulerako partidak Alemaniako Fusche Berlinen aurka.