Egoitz Odriozola: "Momentu askotan karrerak gain hartu dit"

Juan Luis Romatet 2024ko api. 20a, 17:00
Argazkiak: Arnaitz Rubio Aprea eta utzitakoak.

Aspalditik zeukan amets bat betetzeko aukera izan du Egoitz Odriozola zumaiarrak: Dakar rallyan parte hartzea. CIP Cantabria eta Errenteriako Don Bosco ikastetxeek Saudi Arabian jokatu den lasterketara eraman duten autorako mekaniko lanak egin ditu, eta mundu mailako rally ezagunean izandako bizipenak kontatu ditu martxoko Baleiken argitaratutako elkarrizketa honetan.

"Txikitatik izan dut lasterketetako mekaniko izateko gogoa", kontatu du Egoitz Odriozolak (Zumaia, 1982) koilaratxoarekin kafeari bueltak ematen dizkion bitartean. Errenteriako (Gipuzkoa) Don Bosco Lanbide Heziketa Institutuan egiten du lan, "Lanbide Heziketa eta konpetizioa lotu nahian, erakusteko lan irteera bat badagoela hor". Behin lanaldia bukatuta, Zumaiako kirol portuko taberna bateko mahaiaren bueltan eseri da Baleike aldizkariarekin abentura handi bati buruz hitz egiteko. Izan ere, pasa den urtarrilean Saudi Arabian jokatu zen Dakar rallyan parte hartzeko aukera izan du Odriozolak, mekaniko lanak egiten. Epsilon Euskadi eskuderiako langile ohia da, eta rally eta auto igoera ugaritan aritua da zumaiarra, baina Dakarren bizitakoa erabat desberdina izan dela nabarmendu du.  

Nola sortu zitzaizun Dakar rallyra joateko aukera?  

Bi ikastetxeren arteko kolaborazio proiektu bat izan da hau. Guk Kantabriako CIP Cantabria ikastetxearekin beste proiektu bat egin genuen orain hiru urte, automozioaren erabilpena nolakoa izango zen ikertzeko. Hala sortu zen bi ikastetxeen arteko harremana. Beraiek Dakar rallyan parte hartzeko proiektu bat dute, eta azken hiruzpalau urteetan joan dira Lanbide Heziketako ikasle eta irakasleek prestatutako auto batekin. Guk, San Boscon, lehiaketen arloko departamentu bat dugu, eta urte askotan lehiaketetan-eta parte hartu izan dugu. Bi ikastetxeen arteko harremana badagoela ikusita, Dakarrera joatea aztertzen hasi ginen, beraiei asistentzia eskaintzera. Hasiera batean ikasleak zein irakasleak joatea planteatu genuen, baina ekonomikoki ez zen bideragarria.  

Ez da merkea izango han parte hartzea...  

Oso garestia da, eta gero eta jende gehiago eraman, gastuak handitu egiten dira. Mekaniko baten inskripzioa bakarrik 6.000 euro dira. Kotxeagatik, berriz, gure kategorian aritzeko, 28.000 euro ordaindu behar zirela uste dut. Finantzazioa lortzeko lan handia egon da atzerik. Ez da hara joan, parte hartu eta bueltatzea; proiektu honen atzetik hiru urteko lana dago. Gauza asko lotu behar dira, kalkulu asko egin behar dira, eta autoa prestatzeko ere aurretik lan asko egin behar da.    

Proiektu honekin Pedregà Team taldearen azpiegitura barruan joan naiz. 52 lagun izan gara guztira, nahiko talde indartsua da, eta taldearen barruan sei auto klasiko, bi buggy eta 11 moto eduki ditugu. Motoentzako lau mekanikari zeuden, bi buggyentzako eta auto klasikoentzako beste bi, gehi ni. Gure proiektuko autoa mantentzea zen nire lana, eta bukatzean, besteei laguntzea.  

Talde handiek hartzen dute parte lasterketan. Etxe txikiagoak ere lehiatzen al dira?  

Kategoria desberdinak daude. Abiadurako kategoria dago, gehien ezagutzen dena –zeinek egin proba azkarren–, eta azken lau urteetan Dakar Classic izeneko lasterketa ere egin da. Hor, Dakarren aritu diren ibilgailu klasikoek hartzen dute parte; erregulartasun proba bat da. Erregulartasuna eta nabigazioa saritzen dira kategoria horretan. Adibidez, proba batean abiadura bat mantenduta joan behar da puntu batetik bestera eta, beste proba patean, puntu batetik bestera joan behar da ahalik eta metro gutxien eginda. Abiadurako proba batean gidaria taldearen %80 da eta kopilotua %20; bada, erregulartasuneko probetan, alderantziz gertatzen da: gidaria %20 da eta kopilotua %80. Momentu bakoitzean puntu zehatz batean egon behar zara, eta hori kontrolatzen joan behar duzu une guztietan.  

Saudi Arabian jokatu da lasterketa. Zenbat denbora igaro duzue bertan?  

Lau astez egon gara. Hilabete lehenago, autoak eta material guztia bidali genituen itsasontziz Bartzelonako portutik. Gero, lasterketa hasi baino astebete lehenago joan ginen gu. Portura heldu, trasteak jaso, eta lehen kanpalekura abiatu ginen. Han, lehen bi egunetan dena muntatu genuen, eta autoa berrikusi. Gero, test moduko probak zeuden eta, ondoren, atariko lasterketak egin zituzten, erabakitzeko zer postutan aterako ziren autoak. Etapa horretako emaitzaren arabera aterako ziren lehenbizi, bigarren, etab. Gero, karrera hasi zen; horrek bi aste iraun zituen.  

Zenbat jende mugitzen du karrera honek?  

Langileak-eta kontuan hartuta, 7.000 bat pertsona izango ginen bibaketan egunero. Zumaiaren erdia baino gehiago, pentsa. Bibak horiek, noski, ezin dira muntatu egun batetik bestera. Gu bibak batean geundenean, aurrekoa desmuntatzen ari ziren eta hirugarren bat muntatzen hurrengo etaparako. Bibak bakoitzak mundu guztiarentzako jantokiak zituen, komunak, dutxak, mediku instalazioak, prentsarentzako kristoren standa, emankizuna zuzenean emateko komunikazio sistemak... Komunak obretako barrakoien modukoak ziren, eta bakoitzean langile bat zegoen 24 ordutan haiek garbi mantentzeko. Dutxekin, berdin. Jantokietan eguneko 24 ordutan zegoen janaria; jatorduetako ordutegian buffet moduko menua zegoen, baina ordutegitik kanpo joanda, pasta momentuan prestatzen zuten, eta 24 orduan martxan ziren bi postu zeuden. Antolakuntza oso ona izan da; zentzu horretan, arazorik ez da egon. Eragozpen edo baina bakarra zen eskulan mota: langile guztiak pakistandarrak ziren, eta bi pezeta ordainduko zizkieten.  

Lasterketan zenbat kilometro egiten dira guztira?  

Denera, bost mila kilometro. Dunetan, arroketan, mendian, denetik. Dena desertuan da.  

Behin lasterketa hasita, nolakoa zen zure egun bat?  

Mekanikoak gidariak baino lehenago jaikitzen ginen, ordubete lehenago edo. Autoaren prestaketak bukatzen genituen, eta behin kotxea ateratzen zenean kamioia trasteekin bete, eta hurrengo bibakera joaten ginen. 500, 600, 900 kilometro egin, eta saiatu behar ginen autoak beraiek baino lehenago heltzen hurrengo geldialdira. Iritsi, kanpalekua berriro muntatu, eta beraiek iristen zirenean autoekin lanean jartzen ginen goizeko ordu biak, hirurak, laurak arte. Gero, bizpahiru ordu lo egin, jaiki, eta berriro berdin.   

Ez duzu esango hori ez denik nekagarria...  

Oso gogorra izan da. Behin baino gehiagotan pentsatu izan dut zer egiten nuen han. Alde horretatik, psikologikoki oso gogorra izan da. Urte askoan egin dut auto lasterketetan lan, maila nahiko handian, eta nahiz eta mentalizatua joan, momentu askotan karrerak irabazi egin dit. Gogoak ere izan nituen erremintak bota eta etxera bueltatzeko, bazen eta garaia.  

Bizpahiru ordu lo egiten zenituela esan duzu. Bidean zehar lo egiteko aukerarik bazenuen?  

Kontuan hartu behar da kamioia edo furgoneta eramaten duena ere mekanikoa dela; ezin duzu norbait eraman gidari izateko bakarrik, eta hura ere zu bezala dago, apenas lorik egin gabe. Hamar kilometroko zuzengune batean bakarrik uzten baduzu, hark ere bi edo hiru ordu bakarrik lo eginda, istripua edukitzeko arriskua dago. Lo saio laburrak egiten dituzu, eta horrekin konformatu behar. 

"Telebistan ikusten nuen hori bizitu nahi izan dut, baina han zaudenean hori bizitzeko aukerarik ez duzu" 

Zer moduz portatu da autoa?  

Nissan Terrano bat eraman dugu. Hamargarren egunera arte nahiko ondo joan zen, podiumera igotzeko borrokatzen ari ginen, baina egun horretan aurreko gurpileko pieza bat soltatu zen, eta aurreko gurpilak trakziorik gabe geratu ziren; atzeko trakzioarekin bakarrik geratu zen autoa. Hondarrezko guneetan, zati bigunetan, harrapatuta geratzeko arriskua zegoen; leku horietan pasatzeko aukera bakarra motorra topera eramatea zen. Azkenean, atzeko suspentsioa hautsi zuten harri batekin jota, eta azken zatiaren amaieran, autoa geldirik geratu zen. Beste auto batek atoian eramanda lortu zuten bibakera heltzea, baina denbora asko galdu zuten, eta sailkapenean erori egin ziren. Matxura etapa horretako azken zatian izan beharrean hasieran izan balitz, etxera bueltatu beharko genukeen.   

Mekanikoek laguntzarik eskaini al dezakete etapan zehar?  

Ez. Lasterketan doan beste talde batek lagun zaitzake, baita beste talde batekoa izanda ere, baina mekanikoek ez. Karrera hauetan zuk beste partaide bat ordaindu dezakezu zure motxileroa izateko eta zuri laguntzeko, baina klasikoen kategorian motxilero askorik ez dago. Elkarlana da beste aukera bat, eta zuk beste partaide bati laguntzea; talde independenteak izaten dira, eta beti izaten da laguntza. Gure autoaren kasuan, laugarren egunean zigortu egin zituzten; beste auto bati laguntzen geratu ziren duna batean kateatuta geratu zirelako. Hor hiru ordu galdu zituzten, eta nahiz eta abisatu zuten sistema bidez laguntzen geratu zirela, zigortu egin zituzten, berez galdutako denbora hori itzuli behar zietenean.  

Konpetizioko autoekin lan egin duzu aurretik ere. Zentzu horretan, Dakarrean lan egitea antzekoa edo desberdina izan da?  

Ez du zerikusirik. MacGyverren [1980ko hamarkadako telesail bateko pertsonaia] lana gehiago da mekanikoarena baino. Lortu behar duzu autoa martxan jartzea hurrengo eguneko etapa bukatu dezan. Lehenengo helburua etapa bukatzea da, eta gero, gerokoak. Beti zeunden partxeak jartzen, ea etapa bukatzen duen, ea bukatzen duen, ea bukatzen duen. Zirkuituan egin dut lana, eta egindako lana beti zen ahalik eta zehatzena eta garbiena. Baina, Arabiara heldu eta esaten dizutenean "hau biharko martxan jarri beharra dago", pentsatzen duzu: "Nola?". Dakarra bukatzeagatik domina bat ematen dizute, eta nik etxetik ikusten nuenean ez nuen ulertzen. 50. bukatu eta domina bat jasotzen duzu? Pozik zaude 50. bukatuta? Nik karreretan lan egin dudanean irabazteko izan da, edo zeure aukeren barruan ahalik eta goien bukatzeko helburuarekin. Dakarren, berriz, helburua bukatzea da. Bukatzean domina bat ematen dizutenean, hori la ostia da. Gure kategorian laugarren izan ginen, eta sailkapen orokorrean hamalaugarren. Hori irabaztea bezala zen; Dakarra bukatze hutsarekin txapeldun zara.  

Karrerak berak irabazi dizula esan duzu lehen. Behin amaituta, zerekin geratzen zara? Ea zer demontre egiten zenuen han, edo aberasgarria egin zaizula?  

Biekin. Lehenengo astea nahiko ondo kudeatu nuen, baina karrera hasi eta hirugarren egunerako hilda nengoen, eta ez nekien zertan nengoen han. Gero hobetu nintzen, eta azken astea nahiko ondo eraman nuen, eta gustura bukatu nuen. Bai, sentsazioa izan da bizitzan behin egin beharreko zerbait dela, ondo dagoela, baina oraintxe bertan ez dakit errepikatuko nukeen. Hemendik hiru edo lau hilabetera datorren urteko karrera planteatzen hasten badira, orduan agian berriro arra sentituko dut barrenean, baina halako toki batera lanera joateko bizi egin behar duzu, ezin zara denbora-pasan joan. 23 urtez jarraian joan den jendea ezagutu dut han, eta sozialki oso jende normala ez da [barreak]. Oso-oso barneratuta izan behar duzu zer den motor sporta hori hainbeste urtean bizi ahal izateko. Motor munduko beste karrerekin alderatuta, Dakarra beste mundu batean ez, beste galaxia batean dago.   

Telebistan ikusten diren irudi ikusgarrietatik errealitatera salto handia al dago? 

Talka sumatu dut, ze nik telebistan ikusten nuen hori bizitu nahi izan dut, baina han zaudenean hori bizitzeko aukerarik ez duzu. Zeure lanean zaude, eta bestela lotan edo jaten. Oso denbora gutxi duzu hori bizitzeko, ez, behintzat, sofan ikusten duzun hori. Sentsazioa duzuna da, bai, herri txiki batean zaudela eta denak ezagutzen dituzula. Ia denok batera bazkaltzen genuen, afaldu eta gosaldu ere bai. Jende handi hori gertu izan dut: Laia Sainz edo Carlos Sainz egunero ikusten nituen, jatorduetan edo dutxara bidean. Taldeak ere ondoan dituzu, eta lanean ikus ditzakezu. Hara joandakoan ohitura bat hartu nuen, eta izan zen Dakarreko Sua deitzen dioten horretara joatea. Jangelaren ondoan su handi bat pizten dute, eta txikitatik nuen hara joateko ilusioa. Lehen egunetik joan nintzen, nire Colacaoarekin su aurrean eseri, eta handik lotara. 

Datorren urtera begira dagoeneko ari zarete lanean?  

Gauza asko lotu behar dira. Dakarraren ajearekin gaude oraindik, prentsarekin geratu, babesleei eta erakundeei feedbacka bidali, bultzada eman eta erakutsi... Baina datorren urtera begira jartzen badira, lanean hasi behar da dagoeneko. Izen emateak uztailetik irailera arte egoten dira zabalik. Aldez aurretik prestatu behar duzu, eta ia astirik ez duzu: bat bukatzerako, bestearekin hasi behar zara.