Baleikeren urteurrenean parte hartu nahi duten eragileekin bilera izango da bihar

Maria Maya Manterola 2024ko api. 16a, 18:00

Herritarrekin ospatu nahi da Baleikeren 30. urteurrena eta Gukaren aro berria. Ekainaren 15ean izango da jaialdi hori, eta parte hartu nahi duten eragile eta norbanakoekin bilera izango da bihar, asteazkena. 

Baleike aldizkariko lehen zenbakia 1994ko ekainean argitaratu zen, orain 30 urte. Ordutik, tarte txiki batean izan ezik, fin-fin, aritu da Zumaiako eta zumaiarren bizitzen berri ematen, paperean hasieran, Internet bidez ere bai ondoren. 

Urteak aurrera doaz, bizitza ere bai, eta Baleikek 30 urte beteko ditu datorren ekainean. Aurrerantzean Gukak emango dio segida Baleikeren ibilbideari, eta erreleboa jai giroan ospatu nahi dugu. Beti bezala, herritarrekin ospatu nahi dugu data esanguratsu hori, eta horretarako kalean egingo den jaialdi edo ekitaldi jendetsu bat antolatu nahi dugu. Ekainaren 15ean egin nahi da, eta bertan, aurreko urteurreneko ekitaldietan gertatu bezala, herriko talde, elkarte, eragile edo norbanakoak gonbidatu nahi ditugu jaialdi horretan parte hartzera. Musikaz, dantzaz, antzekiz, jai giroaz bete nahi ditugu Zumaiako kale eta plazak.

Hori guztia martxan jartzeko lehen bilera ireki bat egingo da, datorren asteazkenean, 19:00etan, Alondegian. Azaldu eta partekatu zuen ideiak!