Erretratua

Marijo Aizpurua: "Hamabost urte inguru dira pazienterik ikusi ez dudala"

Mireia Galarza Bastida 2024ko api. 21a, 09:00
Irrimarra.

Sendagileen lana irudikatzean, ohikoena da horiek gaixo nahiz zaurituekin lotzea. Aizpurua Osakidetzako sendagilea da, baina telefonoz egiten du lan. "Gurea koordinazio lana da gehienbat", azaldu du. Lanetik kanpo, mendia eta lagunekin egotea ditu gustuko. Martxoko Baleike aldizkariko Erretratua ataleko erreportajea da honakoa.

Kasualitatez. Horrelaxe hasi zen Marijo Aizpurua Urkolanekoa (Zumaia, 1964) Medikuntza ikasten. Unibertsitatera sartu aurretik, beste askori bezala, gustuko ikasketen zerrenda bat egitea egokitu zitzaion; hasiera batean, Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako Graduak pizten zion interesa, baina artean Euskal Herrian ez zegoen halakorik, eta Espainiako oso unibertsitate gutxitan eskaintzen zuten. Aizpuruak azaldu du bost anai-arrebetatik zaharrena izanda, ez zitzaiola "egokiena" iruditzen etxetik asko urruntzea, eta horregatik, beste aukera batzuk bilatzen hasi zela. "Erizaintza egitea pentsatu nuen, baina garai batean gizonezkoak ziren mediku ia guztiak, eta emakumezkoak erizainak, eta niri ez zitzaidan gizon baten aginduetara egotearen ideia hori gustatzen", kontatu du. Beraz, aukera hura ere ezabatu egin zuen bere burutik. Medikuntza jarri zuen lehen aukera bezala, eta notak ematen zionez, horixe ikasi zuen.

Urte batzuk pasatu dira harrezkeroztik, eta sendagile lanetan aritzen da gaur egun ere Aizpurua. Berarena ez da, baina, mediku batek egiten duen ohiko lana, "paziente bat ikusi gabe hamabost urte inguru" baitaramatza. Izan ere, Osakidetzako Larrialdietako Zentro Koordinatzailean dihardu zumaiarrak, mediku koordinatzaile gisa, telefonoz iristen diren deiak kudeatzen. Sarearen konplexutasunari buruzko azalpenak eman ditu zumaiarrak: "Askotan, larrialdi bat dagoenean, 112ra deitzeko ohitura daukagu, baina bertan jasotzen dituzten deiak mota askotakoak izan daitezke: sua piztu dela nonbait, istripu bat izan dela ez dakit non… Galdera batzuk egiten dituzte bertan, eta osasun larrialdi bat bada, orduan bideratzen digute deia guri".

Puntu horretan hasten da Aizpuruaren eta bere lankideen zeregina. Galderak egiten hasten dira, eta erantzunen arabera erabakitzen dute telefonoaz bestaldean gertatutakoa zenbaterainoko larria den, egokiak iruditzen zaizkien baliabideak bidaltzeko ondoren. Zeregin hori, Aizpuruaren hitzetan, ez da batere erraza, askotan deitzen dutenak ere oso urduri egoten direlako. "Jendeak bereari bakarrik begiratzen dio, eta normala da, baina guk probintzia osoari eta gerta daitekeenari begiratzen diogu, eta askotan eskatzen dutena eta eskaintzen dieguna ez datoz bat". Zailtasunak areagotu egiten dira nahi adina baliabide ez badaude inguruan, eta hori azaltzeko adibide bat jarri du sendagile zumaiarrak: "Kontuak atera, probintzia guztiari erantzunak emateko bi mediku egoten gara gehienez, eta gauetan, bakarra. Anbulantziei dagokionez, gehienez bost medikalizatu daude probintzia guztirako; Zumaiatik gertu Donostiakoa eta Elgoibarkoa, baina biak ez daude erabilgarri. Arrasatekoa etorri zain egon behar dut? Errazena da ditugun baliabide horiek agortzea zalantzaren aurrean, baina gero zerbait larriagoa gertatuz gero, esku-hutsik gelditzen gara".

Hor sartzen dira, Aizpuruaren ustetan, lan egiteko moduak. Berak dio batzuek nahiago izaten dutela dei bakoitzean denbora gehiago hartu, galdera asko egin eta erabiliko dituzten baliabideak ziurtasun gehiagorekin erabaki. Urkolanekoak nahiago du, baina, galderak bixiago egin eta erabakiak lehenago hartu, "horrela ez direlako hainbeste dei galtzen bitartean". Horri gehitu behar zaio batzuetan gertakari baten bueltan dei bat baino gehiago jasotzen dituztela, adibidez, istripu bat gertatu denean edo etxebizitza batean sutea dagoenean. "Zaila da zehaztea zenbat dei jasotzen ditugun, garaiaren araberakoa izaten baita, baina Araba, Bizkai eta Gipuzkoan egun 1.000 gertakari inguru kudeatzen ditugu egunero, batzuk arinagoak eta besteak oso gogorrak".

"Gogor" horiei buruz galdetuta, Aizpuruak triste erantzun du gauza asko tokatu zaizkiola, hala nola bere buruaz beste egin nahi duen neska batekin hitz egitea, edo baliabideak bidaltzea ezagunak zituen hildakoak egon diren istripuetara. Azken pasadizo gogor horietako bat ere ekarri du gogora: "Orain dela aste batzuk, adibidez, ama batek deitu zidan, eta zerbait egiten ahalegindu baginen ere, bi hilabeteko umea hil egin zitzaion". Gogortasunak gogortasun, horrelako pasadizoak telefono bidez kudeatzeak egoera "zertxobait arindu" egiten duela ere aitortu du sendagileak. "Lanetik atera eta momentu horiek ezabatzen saiatzen zara. Zaila da, baina egin behar da. Bestela, ezin da aurrera jarraitu".

Kirola ihesbide

Bizitzan dena ez da lana, eta hori ondo daki Aizpuruak. Kirola izan du beti inguruan, eta gorputzak uzten dion neurrian, horretan jarraitzen du. Gazte garaian eskubaloian ibilitakoa da, goi mailan, gainera. "Gaztetako soinketako andereñoa eskubaloian ibiltzen zen, eta hortik tiraka, emakumezkoen taldetxo bat osatu genuen. Ez ginen asko, zortzi kide inguru, eta beti ibiltzen ginen beste hiruzpalau engainatu nahian taldea atera ahal izateko. Gure maila ez zen gaur egun zumaiarrek dutenaren parekoa, baina kadete mailan Espainiako txapeldun gelditu ginen", gogoratu du. "Bidaiatu genuen pixka bat, eta lagun artean ere ondo moldatzen ginen".

Eskubaloia eta gero mendiarekin zaletu zen sendagile zumaiarra, eta triatloi batzuk ere egindakoa da. Gurutze Gorriaren bitartez ibiltzen zen sorosle hondartzetan, baina gero, kudeaketa beste enpresa batek hartu zuenean, udak libre geratu zitzaizkion, eta kontatu du orduan hasi zela mendian: "Pilotarako laguna behar duzu, eta futbolerako nahiz eskubaloirako, taldea. Mendira, berriz, bakarrik joan zaitezke, eta norberaren neurrira ibili. Urte askotan asteburuko martxa luzeetan hartu dut parte Indamendiko kideekin batera, baina orain belauna pattal xamar dudanez, lasaiago ari naiz hartzen kontua". Hala ere, zumaiarrak garbi utzi nahi izan du ez dela geldirik egongo, eta ahalik eta martxa hoberenean jarraitzeko gogoz agertu da, bai lanean, eta bai hortik kanpo.