Emakumeentzako traineru berria ordaintzeko 'crowdfunding' kanpaina abiatu du Telmo Deunek

Juan Luis Romatet 2024ko api. 12a, 16:00
Joseba Esnal presidentea, Argia Ibar eta Garazi Eizagirre arraunlariak, eta Aitor Manterola Zumaiako Udaleko kirol zinegotzia, kanpainaren aurkezpenean. (Juan Luis Romatet)

Enpresek, komertzioek, tabernek, kuadrillek edo norbanakoek hartu ahal izango dute parte kanpaina honetan. Haien izena traineru berriaren barrualdean edo arraunetan jarriko da.

Telmo Deun arraun elkarteko emakumeen taldeak traineru berria izango du denboraldi berrirako. Aiako Amilibia ontziolan egingo duten ontzia datozen egunotan helduko dela aurreikusten dute Zumaiako arraun elkarteko kideek. Traineru berriaren prezioa 45.000 eurokoa da, eta kostearen zati bat ordaintzen laguntzeko mikromezenasgo edo crowdfunding kanpaina abiatu du Telmo Deunek. Beste zati bat, 30.000 eurokoa, Gipuzkoako Foru Aldundiak emandako laguntza baten bidez estaliko dute. 

Telmo Deun arraun elkarteko presidente Joseba Esnalek atzo goizez egindako prentsaurrekoan eman zituen Egin arraun gurekin izena jarri dioten kanpaina honen inguruko azalpenak. Hala, klubak duela 11 urte antzerako kanpaina egin zuela gogoratu zuen: "Kanpaina arrakastatsua izan zen. Orduan gizonentzako trainerua ekartzeko izan zen, eta oraingoan emakumeentzako izango da, beraiek ere arraunean disfrutatzeko aukera izan dezaten". Izan ere, gizonek aurretik erabili zuten traineruarekin lehiatu dira Telmo Deuneko emakumeak urte hauetan guztietan, baita ontzi zaharrarekin emaitza bikainak lortu ere.

Traineruaren kostea estaltzeko kanpaina honetan herriko kuadrillek, tabernek, enpresek, tailerrek, komertzioek edo norbanakoek modu pertsonalean parte hartzeko aukera izango dutela jakinarazi zuen Esnalek. "Horretarako ekarpen ekonomiko bat egin beharko dute, eta beraien izenak traineruaren barrualdean edo arraunetan joango da, ez ontziaren kanpoaldean". Horretarako prozedura martxan dagoela azaldu zuen presidenteak, eta eskuorria egunotan herriko taberna eta bestelako puntuetan jaso ahal izango dela ere informatu zuen. Igandean, trainerillen estropadarekin batera, mahaia ere jarriko du arraun elkarteak estropada eremu inguruan.

Ekarpen ekonomiko desberdinak

Kanpaina honetan parte hartzeko gogoa edo asmoa duten enpresa edo norbanakoek ekarpen ekonomiko desberdinak egin ahal izango dituzte, eta kopuruaren araberako espazioa izango dute ontzian.

Hala, 50 eurokoa izango da gutxieneko ekarpena, eta haren izena neurri estandarrean joango da traineruko barrualdean. Traineru barruan baita ere, dendari eta tabernariek 200 euro ordainduko dituzte beraien izena jartzeko, eta logotipoa ere gehitu nahiko badiete, 300 eurokoa izango da kostea. Dendari eta tabernariek izena eta logotipoa jartzeko aukera izango dute arraunetan 400 euroren truke.

Enpresei dagokionez, aportazio minimoa 1.000 eurokoa izango da, eta haien izena traineruaren barrualdean joango da; logotipoa gehitu nahi izanez gero, 2.000 euro ordainduko dute.

Interesdunek Zumaiako puntu desberdinetan aurkituko dituzten eskuorriak bete beharko dituzte, eta jasotako lekuan bertan utzi. Elkarteak itsas kiroldegian duen lokalera ere eraman ditzakete, astelehenetik ostiralera, 18:00etatik aurrera. Logotipoak, berriz, telmodeunae@gmail.com helbidera bidali beharko dituzte.

Kanpaina honetan kolaboratzeak izango du eragina datorren urteko errenta aitorpenean. Izan ere, kenkariak aplikatu ahal izango dituzte, norbanakoen kasuan %30ekoa, eta %18koa enpresa, tabernari edo dendarientzako.

Berdintasunaren aldeko beste pauso bat

Zumaiako arraun elkarteak berdintasunaren alde egindako lana aldarrikatu zuen Joseba Esnal presidenteak. Zentzu horretan, Zumaiak emakumeen arraunaren alde emandako pausoak gogoratu zituen, eta Telmo Deun genero aldetik aitzindaria izan dela ere esan zuen. "Berdintasun aldetik garbi dugu gure filosofia, desberdintasunik ez dago elkartean. Berdintasunaren aldeko bozgorailua izan nahi dugu, eta horretarako herritarren laguntza behar dugu".

Denboraldi berrian erabiliko du emakumeen Telmo Deunek traineru berrian. ETE ligan aritu da, eta Esnalek aurreratu zuenez, helburua Euskotren ligara igotzea izango dute. "Uste dugu neskek badutela horretarako maila eta traineru berriarekin helburu hori lortu daitekeela".

Presidenteak hitz onak izan zituen instituzioekiko, eta eskerrak eman zizkion Zumaiako Udalari kanpaina hau abian jartzeko emandako laguntzagatik, eta Gipuzkoako Foru Aldundiari emandako laguntza ekonomikoagatik.