Oscar saria jaso duen 'La zona de interes' filmak emango dio hasiera zine forumeko udaberriko hiruhilekoari

Juan Luis Romatet 2024ko api. 10a, 17:00

Bost film emango ditu Ostarrena zine klubak zine forumeko udaberriko hiruhilekoan. Hasteko, nazioarteko film onenaren Oscar saria jaso duen La zona de interes pelikula emango dute bihar Aita Marin.

Udaberriko zine forumeko hiruhilekoa hastear da. Bihar, osteguna, Jonathan Glazer zinemagile britainiarraren La zona de interes filma emango du Ostarrena zine klubak. Emanaldia 19:00etan izango da Aita Mari aretoan. Sarrerak 5 euroan izango dira salgai Zumaiako zine aretoko leihatilan.

Auschwitzeko kontzentrazio-esparruan gertatutako sarraskiaren beste ikuspuntu bat eskaintzen du filmak. Izan ere, esparruko buru den Rudolf Höss eta bere emazte Hedwig dira filmeko protagonistak. Biak ere ahalegintzen dira bere familiarentzako ametsezko bizitza bat eraikitzen esparrutik gertu dagoen lorategidun etxe batean.

Bideoklipetan ezagun egin zen Jonathan Glazerren laugarren pelikula hau –Sexy beast (2000), Reencarnacion (2004) eta Under the skin (2013) ditu aurrekoak– eta iazko film sarituenetakoa ere bada. Canneseko jaialdian aurkeztu zuten eta Epailegoaren Saria jaso zuen. Azken Oscar sarietan ere bitan saritu zuten: nazioarteko film onenaren eta soinu onenaren sariak eskuratu zituen.

Beste lau film

Ekainaren hasierara bitartean beste lau pelikula eskainiko ditu Ostarrenak zine forum saioetan. Guztiak ere 19:00etan hasiko dira eta Aita Marin eskainiko dira:

  • Apirilaren 25ean, Robot dreams.
  • Maiatzaren 9an, Desconocidos.
  • Maiatzaren 23an, Yo capitan.
  • Ekainaren 6an, La quimera.