Zumaiarrak nagusi Aitzuri bete duen Masterseko partidetan

Juan Luis Romatet 2024ko api. 9a, 09:57

Zesta puntako Zumaiako Masterseko finala jokatu zen atzo Aitzuri frontoian. Aurretik, emakumeen desafioa jokatu zuten. Bietan ere herriko puntistak izan ziren irabazle, Zumaiako pilotalekuko harmailak bete zituzten zaletuen gozamenerako.

Giro ezin hobea bizi izan zen atzo arratsaldez Aitzuri frontoian. Kanpoan, santelmoetan nahiko ohikoa den moduan, euri zaparradak; barruan, aldiz, frontoiko harmailak leporaino beteta. Izan ere, zesta puntako Zumaiako Masterseko azken partidak jokatu zituzten San Telmo Egunarekin batera, eta herritarrek ez zuten ikuskizuna galdu nahi izan. Bi partidetan herriko ordezkaritza izanda, are eta giro beroagoa izan zen.

Jaialdiari hasiera eman zion norgehiagokan, emakumeen desafioan, Erika Mugartegi markinarra eta Frida Watkins zumaiarra nagusitu ziren. Mugartegiren nagusitasuna ere bista-bistakoa da. Gernikan jokatutako Jai Alai Winter Seriesean txapeldun izan zen, Lekeition garaipena erdietsi zuen eta Zumaian ere bai... oso seguru ibili zen atzokoan ere Mugartegi. Frida Watkins gazteak segurtasuna eman zion atzeko koadroetan. Berriatuko bi pilotariak, Elaia Gogenola eta Maialen Aldazabalek, ondo ibili ziren baina akats batzuk ere egin dituzte, nahiz eta partidako tanto ederrenak beraiek egin zituzten. Garaipena, hala ere, bi jokotan erabaki zen Mugartegi eta Fridaren alde: 15-8 eta 15-12. 

Atsedenaldiaren ondoren, Zumaiako Masterseko finala erabaki zen Aitzuriko kantxan. Emakumeetan bezala, gizonetan ere Zumaiako ordezkaritza izan zen: Unai Uranga kantxaratu zen, Aritz Erkiaga Ispasterreko aurrelariarekin bikotea osatuta. Aurrean, Mutrikuko bikote bat: Eñaut Urreisti gaztea eta Mikel Manzisidor Manci beteranoagoa. Erkiaga lider da Jai Alai Ligan, eta Zumaiakoa zirkuitu honetarako puntuagarria izanda, are eta gogo gehiagorekin kantxaratu zen aurrelari bizkaitarra.

Erkiagari sakea kentzeko ahalegina egin zuen aurrelari mutrikuarrak, baina ezin izan zuen: Ispasterkoa sake askotara sartu zen eta erremate asko ere egin zituen. Eroso aritu zen kantxan eta igarri egin zen, figura handi baten eta behetik gora datozen gazteen arteko diferentzia. Mutrikuarrek akats batzuk egin zituzten, Erkiagak eroso jokatu zuen eta Uranga zumaiarrak ondo bete zuen bere papera. Partida bi jokotan erabaki zen Erkiaga eta Urangaren alde: 15-9 eta 15-11.

Garaipen handia izan zen atzokoa Unai Urangarentzat. Eskarmentu handiko pilotaria, onenekin aritzeko aukera izan zuen atzo, baita garaipena erdietsi ere. Une hunkigarriak ere bizi izan zituen, eta familiartekoekin, lagunekin eta zaletuekin oro har ospatu zuen garaipena.

Argazkiak: Arnaitz Rubio Aprea.