Zumaiako Masterseko finala jokatuko da gaur arratsaldez Aitzuri frontoian

Juan Luis Romatet 2024ko api. 8a, 12:13
Unai Uranga pasa den astelehenean jokatutako finalerdian. (Guk Jai Alai)

Emakumeen partida jokatuko da lehenbizi, eta gizonen finala jarraian. Frida Watkins eta Unai Uranga puntistak kantxaratuko dira gaurko jaialdian. 

Jai Alai ligarako puntuagarria den Zumaiako zesta punta Mastersaren finala jokatuko da gaur, San Telmo Eguna, 18:00etatik aurrera Aitzuri pilotalekuan. Bi partidaz osatuko da gaurko jaialdia: emakumeena lehenbizi, desafio gisa, eta gizonen finala ondoren. Duela astebete gertatu bezala, Zumaiako pilotalekuko harmailek itxura bikaina izango dutela aurreikusten da.

Emakumeen arteko desafioak emango dio hasiera gaurko zesta punta jaialdiari. Bertan, gainera, zumaiar bat kantxaratuko da: Frida Watkins gaztea, hain zuzen. Erika Mugartegirekin osatuko du Watkinsek bikotea, eta Elaia Gogenola eta Maialen Aldazabal berriatuarrak izango dituzte aurkari.

Behin partida hau amaitzean, gizonen txanda helduko da. Emakumeen partidan gertatu bezala, hemen ere zumaiar bat lanean ikusteko aukera izango dute herritarrek. Unai Uranga atzelariak Erkiagarekin osatu du bikotea txapelketa honetan, eta Eñaut Urreisti gaztea eta Mikel Manzisidor Manci izango dituzte aurrez aurre. Azken hauek Lekeition irabaztetik datoz; Aritz Erkiagak, aldiz, ligako laugarren garaipena eskuratu nahiko du Winter Seriesean, Paueko Cesta De Nadaun eta Lekeitioko Mastersean txapeldun izan ondoren.

Sarrerak salgai daude www.eramanjaialai.com webgunean.