Erasoen aurkako protokoloa aurkeztu dute festen atarian

Maria Maya Manterola 2024ko api. 4a, 10:30
Argazkia: Zumaiako Mugimendu Feminista.

Protokoloa aurkeztearekin batera, argi utzi dute festez aske gozatzera eta jai giroaz disfrutatzera doazela. Informazio puntua ezarriko dute aurtengo santelmoetan ere, Saregile plazan. 

Santelmoen ataritan urtero egin bezala, erasoen aurkako protokoloa aurkeztu du Zumaiako Mugimendu Feministak. Emakumeak nahiz transak, bollerak, marikak edota bazterretako gorputzek festa giroaz lasai disfrutatzeko espazioak sortzeko, guztientzat izango diren eremuak zaintzeko eta ingurukoekiko norberak izaten dituen jarrerak errebisatzeko baliatu nahi dute festa giroa. 

Emakumeena bakarrik ez, "guztiena" da, azaldu dutenez, espazio seguruak sortzeko ardura, eta zentzu horretan, erasoen konplize ez izateko deia egin dute: "Erasoren bat egin duela ikusten baduzu edo egin duela esaten badizute, hartu egoeraren ardura eta ez justifikatu bere jarrera. Argi utzi ez dela eraso nahiz jarrera matxistarik onartzen, eta jai eremutik kanporatu". 

Eraso baten berri edukitzean, protokoloa aktibatuko dute txosnagunean, eta gauza bera eskatu diete tabernariei ere: gertatutakoari lehentasuna ematea eta beharrezkoa balitz jai giroa etetea, argiak piztuz, musika itzaliz; edota erasotzaileari bere jarrera aurpegiratzea. 

Gertatutakoa salatzearen edo zabaltzearen inguruan, berriz, erasoa jasan duenaren iritzia errespetatzeko eskatu dute. Izan ere, beren ustez, "guztien ardura da txutxumutxuak ez zabaltzea edo morborik ez sortzea". 

Era berean, jai giroan norbait erasotua sentituz gero, bere burua zalantzan ez jartzeko eskatu die. Halakoetan ingurukoei laguntza eskatzea, bakarrik egonez gero oihu egin eta babesa bilatzea nahiz 112 telefonora deitzea gomendatu dute. Gogorarazi dute, bestalde, iaz egin bezala, aurten ere festek iraun bitartean informazio puntua jarriko dutela Saregile plazan. Erasoak salatu edota informazioa eskatzeko gerturatu daiteke. Ondorengoa da ordutegia:

  • Apirilak 5, 6 eta 7: 22:00-01:00.
  • Apirilak 12 eta 13: 22:00-01:00.

Itsulapiko solidarioak 

Mugimendu Feministak jakinarazi du, bestalde, azaroaren 30 greba feminista orokorreko mobilizazioen harira hiru prozedura judizial martxan direla, eta etor litezkeen isunei aurre egiteko itsulapiko solidarioak ezarriko dituztela tabernetan nahiz txosnagunean.