Zumaiarren doinuak

Feli Uriaren doinuak

Erredakzioa 2024ko api. 3a, 09:30

Zarauztarra jaiotzez, Zumaian egin du Feli Uriak bere bizitzaren zati handiena. Oikiako eskolako zuzendaria izan zen, besteak beste, eta erretiroa hartu zuenetik herriko kultur munduan antolatutako makina bat ekintzatan hartu du parte. Hauek dira bere doinuak.

1. Amália Rodrigues: Uma Casa Portuguesa

Fadoa gustatzen zait, bere doinu malenkoniatsu eta iradokitzaileekin. Gustatzen zait, ohikoak dituen istorio fatalistak ez ezik, portuges hizkuntzaren zolitasunagatik, hitzak arrastaka bezala ahoskatzeko modu horengatik.

2. Maria Callas: Casta Diva

Musika lirikoa gogoko dut, bakarlarien ahots eta teknika txundigarriak behin eta berriz, miresmenez, entzuten ditut.

3. Bas(h)oan: Mehera my love

Bas(h)oan taldearen bigarren diskoa ere erosi dut. Euskal herritarrak izateaz gain berritzaileak eta ausartak direlako aukeratu dut abesti hau. Gitarra jotzaile aparta da Joseba Irazoki, eta Beñat Axiari, berriz, ia laurogei urteko bokalista eta sortzaile harrigarria. Perkusioan, Julen Axiari gaztea. Hau 
ere elegante.

4. Gari: Zaharra Zara Bilbo

Gari, egungo euskal abeslarien artean nere kuttuna da. Bere-berea duen jarrera, nola esan, negarti antzeko hori ederki antzematen da abesti honetan eta Jon Maiak idatzitako hitzak lanturu ederrean nola mastekatzen dituen ere bai.

5. Pablo de Naverán: Cellosuites 1&2

Lan eder hau entzuteak urduriena ere lasaituko luke. Perroyko (Suitza) antzinako elizan grabatua izan zela jakinda erraz kokatzen dut neure burua bakardade hartan.