Annette Gonzalez-Etxabarri hirugarren sailkatu da Caparican

Jabi Gonzalez Toston 2024ko mar. 31a, 11:00
Annette Gonzalez-Etxabarri Caparica Surf Fest txapelketako kanporaketa batean. (WSL)

Portugalen jokatu dute Europako QS zirkuituko azken proba eta finalaurrekoetan kanporatu dute surflari zumaiarra oso maila ona eman ondoren.

Annette Gonzalez-Etxabarri surflari zumaiarrak bikain itxi du Europako QS Qualifying Series zirkuitua. Atzo amaitu zuten Portugalen jokatutako azken probarekin, Caparica Surf Fest txapelketa, eta meritu handiko hirugarren postua lortu zuen Gonzalez-Etxabarrik finalerdietaraino iritsi ondoren. Yolanda Hopkins portugaldarrak kaleratu zuen. Zirkuituko proba guztiak jokatuta, Europako QSak irabazi dituen surflariak, hain zuzen ere. Atzoko finalean, ordea, Hopkinsek ezin izan zuen Teresa Bonvalot herrikidea mederatu eta bigarren sailkatu zen.

QSetako sailkapen nagusiari lotuta, era berean, Caparican parte hartu ez duen arren, Janire Gonzalez-Etxabarrik, Annetteren ahizpak, laugarren sailkatzea lortu du, eta, hala plaza bermatu du aurtengo CS Challenger Series guztietako probak jokatzeko. Mundu mailako zirkuitua da CS, munduko surflari onenan biltzen dituen CT Championship Tourraren atarikoa. Annette, berriz, 21. sailkatu da QSetan atzo lortutako puntuei esker.