Sarrerak salgai daude oraindik etzi hasiko den Master Serieseko txapelketarako

Jabi Gonzalez Toston 2024ko mar. 30a, 15:00

Cosme Agirre eta Unai Uranga aurrez aurre arituko dira San Telmo egunean jokatuko duten finalerako txartelaren bila. Apirilaren 8an, hain justu, Frida Watkinsek ere Aitzurin jokatuko du.

Etzi, Pazko Astelehenean, abiatuko dute Zumaia Master Series Txapelketa Aitzuri frontoian. Zesta puntako Jai Alai League ligarako puntuagarria izango da proba eta finalaurrekoak eta finala jokatuko dituzte. Finala, San Telmo egunean izango da, apirilaren 8an.

Bada, zumaiar batek final hori jokatuko du ziur, baina zehazteke dago nor izango den; izan ere, Cosme Agirre eta Unai Uranga elkarren aurka arituko dira finalaurrekoan. Unai Lekerika atzelari gernikarrarekin osatuko du bikotea Agirrek eta joan den ostailean Gernikako Jai Alai Winter Series Txapelketa irabazi zuen Aritz Erkiaga Ispasterreko aurrelariarekin Urangak. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, oraindik sarrerak eskuragarri daude lotura honetan.

Beste finalaurrekoan, Johan Sorozabal eta Julen del Rio, Eñaut Urreisti eta Mikel Manzisidor 'Manzi' mutrikuarren aurka arituko dira finaleko txartelaren lehian. San Telmo eguneko azken jaialdi horretan emakumeen Women Series desafioa ere jokatuko dute, gainera, eta Frida Watkins zumaiar gazteak parte hartuko du.

Antolatzaileek gogratu dutenez, txapelketarako partida guztiak bertatik bertara ikusteko bonoa erosteko aukera dago 20 euroan. Bestela, jardunaldi bakoitzerako sarrerak solte erosiz gero, 10 euro balio dute finalerdietakoek eta 15 finalekoek.