Hauteskunde-mahaietan egoteko zozketa egin dute dagoeneko

Juan Luis Romatet 2024ko mar. 21a, 13:28

Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak egingo dira apirilaren 21ean. Hauteskunde mahaietan egon beharko dutenen zozketa egin dute dagoeneko.

Apirilaren 21ean egingo dira Eusko Legebiltzarrera hauteskundeak. Egun horretan hautetsontziak jarriko dira bai Oxford aretoan, bai Herri Eskolak Sagarbiden duen aretoan. 

Zumaiako Udaleko osoko bilkurak egin du dagoeneko hauteskunde mahaietan egon beharko dutenen zozketa. Herritarrek kontsulta dezakete jada ea mahaietan egon beharko duten edo ez, hemen.

Mahai bakoitzean hiru pertsona izango dira: presidentea eta bi bokal. Horiez gain, mahai bakoitzerako bi ordezko ere aukeratu dira. Denek datozen egunotan jasoko dute jakinarazpena.

Hauteskunde mahaietan ez egoteko alegazioak aurkezteko aukera ere zabalduko dute. Betiere legeak aurreikusten dituen baldintzetako bat betetzen dutela uste dutenek aurkeztu ahal izango dituzte eskaerak, Azpeitiko Hauteskunde Batzordera zuzenduta; hark hartuko du erabakia.

Hauteskunde Batzordeak desenkusa onartuz gero, zozketan atera diren erreserbako pertsonei jakinarazpena iritsiko zaie, husuneak betetzeko. Pertsona horiek ere, jakinarazpena jaso eta gero aurkeztu beharko dute desenkusa.