Jakintzak azkenekoz antolatuko du santelmoetako haur danborrada

Juan Luis Romatet 2024ko mar. 19a, 09:00
Iazko haur danborradako irudia.

30 urtez jarduera hau antolatzen egon ondoren, aurtengoa azkenekoa izango dela iragarri du elkarteak ohar baten bidez.

Eguraldiak laguntzen badu, behintzat, haurren danborradak zeharkatuko ditu herriko kaleak apirilaren 7ko eguerdian, San Telmo jaien barruan. Danborrak jotzen batzuk, barrikak besteak, eta salabardoak eramaten hurrengoak. Talde handia Sagarbide paretik aterako da eta Gurrutxaga plazan amaituko du bidea Etxezarreta, Txomin Agirre eta Erribera kalea zeharkatu ondoren. Danborrada ahalik eta hobekien joan dadin entseguak ari dira egiten azken asteburuetan Herri Eskolak Sagarbiden duen aretoan.

Aurtengoa, aurreko urteetakoak bezala, eta badira 30 urte, Jakintza taldeak antolatu ditu. Aurtengoa, ordez, azkenekoa izango dela iragarri du ohar baten bidez. Bertan, urte hauetan guztietan antolaketa lanetan laguntzen aritu direnei eskerrak ematen dizkiete: "danborradetako zuzendariei, antolakuntzaren hasieratan lagundu zigun Angel Goiko maisuari, materialak alde batetik bestera mugitzea ahalbidetzen zuten garraiolariei, danborrak edukitzeko etxabeak lagatzen zizkigutenei, Donostiako Anastasio bodegoiari, udaleko arduradun eta langileei, danborrada egunean umeak zaintzen laguntzen digutenei, eta nola ez, era berezian, urte guzti hauetan danborradan parte hartu duten hainbat eta hainbat haurrei". 

Azkeneko kalejiraren atarian, honen antolakuntzan Santa Klara baserriko Miguel Angel Mantzisidor eta bere familia gogoan izango dituztela ere adierazi dute.

"Ziur gaude, San Telmo festetan horren errotua dagoen ekintza honek, etorkizunean jarraipena izango duela. Mila esker zumaiarroi!", esanaz amaitzen da oharra.