Koloneko minbiziaz aritu dira herrian egin duten topaketa mediku-gastronomikoan

Onintza Lete Arrieta 2024ko mar. 16a, 14:06
Zumaian egindako topaketaren une bat. (Minbiziaren Aurka Gipuzkoan elkartea)

Minbiziaren Aurka Gipuzkoan elkarteak antolatuta elkartu da hainbat lagun Otezurin. Izan ere, laster izango da Koloneko Minbiziaren Aurkako Eguna; hilaren 31n, hain zuzen. 

Minbiziaren Aurka Gipuzkoan elkarteak jakinarazi du aste honetan Zumaian egin dutela koloneko minbiziari buruzko topaketa mediku-gastronomikoa. "Aurreko urteetan hain arrakastatsuak izan ziren topaketa mediku-gastronomikoak berriro antolatzea erabaki dugu. Aurreko edizioetako topaketetan 500 pertsona baino gehiago bildu ziren Gipuzkoako hainbat udalerritan", azaldu dute arduradunek ohar bidez.

Laster izango da Koloneko Minbiziaren Aurkako Eguna; hilaren 31n, hain zuzen, eta horregatik ari dira halako topaketak egiten egunotan. Zumaiako topaketa ostegunean izan zen Otezurin, eta hainbat adituk parte hartu zuen bertan: besteak beste, sukaldari batek menu osasuntsua prestatu zuen topaketara joan zirenentzat, eta saioan izan ziren Isabel Portillo eta Isabel Idigoras epidemiologoak ere. Topaketa Uxue Iruretagoiena Minbiziaren Aurka Gipuzkoan elkarteko prebentzioko profesionalak dinamizatu zuen.

Minbizi mota ohikoenetakoa

Elkartearen arabera, prostatako eta bularreko minbizien ondoren, "gehien diagnostikatzen den minbizi mota da kolonekoa", eta prebentzioan indarrak jartzeari garrantzia handia eman nahi dio, baita detekzio goiztiarreko probei ere. "Ikerketa eta prebentzioa ezinbestekoak dira".

"Topaketa hauetan lortu nahi dena da desmitifikatzea koloneko minbiziak soilik gizonei eragiten diela, ezagutzea gaixotasun horren kausa saihesgarriak zein diren, eta gure osasunaz arduratzea". Topaketetan "jarraibide osasungarriak" ere eman dituzte eguneroko dieta prestatzeko eta zaintzeko.

Azkenik, elkarteak gogorarazi du prebentzio neurri handienak direla elikadura orekatua izatea, "tabakoa eta alkohola bezalako toxikorik ez hartzea", eta ariketa fisikoa egitea.