Erretratua

Amaia Urrestilla: "Makillajearen mundua zabala denez, ezinbestekoa da eguneratuta egotea"

Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2024ko mar. 15a, 19:00
(Irrimarra)

Badira lanbide batzuk sormenarekin estuki lotuta daudenak, eta horietako batean bidea egiten ari da Amaia Urrestilla. Gaztea zenetik argi izan zuen irudiaren munduan sakondu nahi zuela, eta horretarako urratsez urrats joan da, makillatzaile izatera iritsi arte. Egun telebistan eta zinema arloan lan egiten du nagusiki, eta bere ezagutza zabaltzeko ikasten dihardu Madrilen. Otsaileko Baleike aldizkariko Erretratua ataleko erreportajea da honakoa.

Makillatzailea da Amaia Urrestilla (Zumaia, 1996) eta Euskal Herrian telebistan eta zineman lan egin ondoren, Madrilen ari da ikasten egun. Bere makillaje ezagutza zabaltzeko, protesietan eta efektu berezietan sakontzen ari da. "Zineman asko erabiltzen da arlo hori, eta makillajearen barruan, sail berezi bat izaten du; horregatik da garrantzitsua prestatuta egotea". Urrestillak Zarauzko Monte Albertia Eskolan egin zituen ile-apaintzaile ikasketak, eta Bartzelonara joan zen ondoren makillajea ikastera. "Makillaje ikasketetan karakterizazioa zertxobait lantzen bada ere, gehienbat makillaje sozialean sakontzen da".

Ikasketak bukatutakoan, Bartzelonan bideoklip, antzezlan eta film laburretan parte hartu zuen eta, ondoren, Euskal Herrira bueltatu zen bere ibilbide profesionalari jarraipena ematera; Euskal Telebistan egin du lan ordutik. Hasieran, urte eta erdiz Bilboko egoitzan aritu zen, eta handik Miramonera egin zuen jauzi. "Neu zumaiarra izanda, sekulakoa da etxetik gertu lan egiteko aukera izatea. Telebistan nagusiki makillaje soziala lantzen dugu, pertsonak edertzea helburu duena, alegia, baina makillajearen mundua oso zabala da, eta telebistaz gain beste hainbat proiektutan ere parte hartzen dut".

Zumaiarrak uste du sare sozialetan "irudiari eta itxurari garrantzi handia" ematen zaiola, eta horrek aukera berriak irekitzen dituela irudiaren arloan lan egiten duten profesionalentzat. "Sare sozialak erakusleiho bikaina dira. Negozio askok gero eta garrantzia handiagoa ematen diote horietan islatzen duten irudiari, eta makillajea ere horren parte da, beren produktua saltzeko beste modu bat delako". Gau Beltzean, esaterako, Donostiako Bataplan diskotekan ospatzen duten Halloween festarako makillatzen ditu Urrestillak bertako zerbitzariak. Horrez gain, zineman eta telesailetan ere lan egin izan du Urrestillak: besteak beste, bi urte egin ditu El internado: Las cumbres Amazon Primeko telesaileko ile-apaintzaile.

Makillajearen mundua zabala denez, "eguneratuta egotea ezinbestekoa" dela argi du Urrestillak, makillaje sozialean tendentziak "asko" aldatzen direlako. "Orain modan dago azalak oso distiratsuak eramatea. Duela urte batzuk, ordea, oso gaizki ikusita zegoen, azal mateak baloratzen baitziren, brillorik gabeak". Urrestilla Zinemaldian aritu zen lanean irailean, Armani Beauty etxearen lantaldean, eta bertan lan egiteko ikastaro espezializatuak egin behar izan zituen. "Azken bi urteetan Armani etxea arduratu da Zinemaldiko makillaje arloaz, eta prestatu egin nintzen bertan lan egiteko. Telebistan dirdirak ez daude ondo ikusiak, eta Zinemaldiko alfonbra gorrian, berriz, hori nahi zuten. Kontzeptua guztiz desberdina da".

Efektu berezien arloa

Urrestillak Madrilgo, Bartzelonako eta Euskal Herriko lan merkatuak ezagutzen ditu, eta uste du gaur egun Euskal Herrian zinema eta telesail arloan lan asko dagoela. "Bizkaian zinema arloa garatzeko laguntzak jarri dituzte martxan, eta film asko grabatzen ari dira. Hala ere, zinemako lana oso sakrifikatua da. Filmazioetako erritmoa oso bortitza da, eta egunean hamabi ordutik gora lan egin daitezke. Nik zortea dut telebistako lana uztartu dezakedalako beste proiektuekin. Aurten, esaterako, aritu naiz Goazen seriean laguntzen. ETBn lanean ari nintzenez, laguntzera joaten nintzen, errefortzu gisa".

Hala, behin telebista, telesail eta zinema munduan sartutakoan, proiektuak eta aukerak sortzea errazagoa dela argi du: "Gurpil moduko bat da, kontaktu bidez funtzionatzen baita. Proiektu batean parte hartutakoan, erraza da beste batzuk sortzea. Hori bai, zerbaitegatik mundu horretatik urrunduz gero, kostatu egiten da berriz ere muturra sartzea. Adi egon behar izaten da. Nik, esaterako, normalean telebistan egiten dut lan eta, horrez gain, urtean pare bat proiektutan parte hartu ahal badut, bikain. Horrek ematen dit aukera giro horretatik ez urruntzekoa".

Makillaje kontzeptuari dagokionez, arlo sozialeko makillajearekin alderatuta, zinemarako egiten dena "guztiz desberdina" dela dio makillatzaile gazteak. "Sozialean edertasuna da aintzat hartzen dena, eta zineman, berriz, pertsonaien izaera indartzeko balio du makillajeak. Adibidez, aktoreak bizitza gogorra izan duen pertsona baten tokian jarri behar badu, ez du azala leuna eta perfektua izan behar, saiatu behar dugu bizitzan zehar izan duen sufrimenduak utzitako arrastoa azaltzen. Horregatik, guretzat filmazio bakoitza erronka bat da", azaldu du.

Normalean makillatzaileak arlo batean espezializatzen dira, baina zumaiarrari gustatzen zaio gauza desberdinak egitea. Orain, esaterako, protesien eta efektu berezien arloan espezializatzen ari da. "Arlo horretan ez da makillajea bakarrik sartzen. Silikonarekin egiten dira protesiak, eta gero horien gainean lan egiten da. Laborategiko lana da. Protesia eraman behar duen pertsonaren neurriak ateratzen dira, sortu nahi den elementua sortzen da tailerrean, eta filmazioaren aurretik hori jarri eta gorputzean integratu behar da. Zineman, esaterako, departamendu berezi bat izan ohi dute efektu bereziek".

Orain arte arlo hori zineman garatu bada ere, ari da zabaltzen. "Orain dela gutxi, esaterako, abeslari ezagun bat katu ahoa zuela agertu zen sariketa bateko alfonbra gorrira". Urrestilla "oso gustura" dago ikasten ari den espezializazioarekin, eta ikasketak bukatutakoan gustatuko litzaioke Madrilen proiektu batzuetan parte hartzea bere ibilbidea osatzeko. Dena dela, Euskal Herrian ikusten du bere etorkizuna.

Motzean

  • Adina: 27 urte.
  • Ikasketak: Ile-apainketako erdi mailako zikloa, makillajeko ikasketak Stick Art Studio eskolan eta efektu berezien espezializazio ikasketak Harpo eskolan.
  • Lanbidea: Makillatzailea.
  • Makillatzailea ez banintz... Sormenarekin zerikusia duen beste zerbaitetan lan egin nahi nuke.
  • Lanetik ateratzean gogoko dut... Txakurrarekin paseatzea, lagunekin egotea eta sukaldatzea.
  • Makillaje on baten sekretua da... Azala ondo prestatzea: azala tonikoarekin ondo garbitu eta hidratatua eduki. Azala gero eta hobeto izan, makillajeak gehiago irauten du eta politagoa ikusten da.
  • Zein da akatsik ohikoena makillatzerakoan? Azalari norberarena dena baino tonu ilunagoa ematea.