Abesbatzen doinuak negu giroa uxatzeko

Juan Luis Romatet 2024ko mar. 3a, 13:00
Coral de Soria eta San Pedro Abesbatza, atzo iluntzeko kontzertuan. (Miriam Romatet)

Coral de Soria abesbatzak eta San Pedro abesbatzak emanaldia eskaini zuten atzo iluntzean parrokian.

Abesbatzen doinuetan aurkitu zuten babesa negu giroa uxatu nahian San Pedro parrokira bertaratu ziren musikazaleek. Izan ere, iluntze partean, kontzertua eskaini zuten Coral de Soria (Gaztela eta Leon, Espainia) eta Zumaiako San Pedro Abesbatza koroek. Zumaiarrek orain hilabete batzuk Soriara egindako bidaiaren bueltako ekitaldia izan zen atzokoa.

Zumaiarrek eman zioten hasiera emanaldiari saio labur batekin, eta ondoren gaztelarrei utzi zieten lekukoa. Amaitzeko, bi abesbatzen ahotsek bat egin zuten, kontzertuari amaiera emanaz.