Sahararen inguruko dokumentala eta mahai ingurua izango dira gaur arratsaldez Oxforden

Juan Luis Romatet 2024ko ots. 23a, 12:30

Darahli elkarteak antolatutako lankidetza astearen barruan, erakusketa irekiera, dokumental emanaldia eta mahai ingurua izango dira gaur Oxforden.

Lankidetza astea antolatu du aurten ere Mendebaldeko Saharako errefuxiatuen alde lan egiten duen Darahli elkarteak. Ekimen honen barruan, Darahli-Zumaia. Mendebaldeko Sahararekin urtez urte elkarlanean argazki erakusketa zabalduko dute gaur arratsaldez. Irudi bilduma hau martxoaren 3ra arte bisitatu ahal izango da Alondegiko Oxford aretoan, egunero 18:00etatik 20:00etara eta asteburuetan 12:00etatik 14:00etara eta 18:00etatik 20:00etara.

Gaur bertan beste bi ekintza ere egingo dira Oxford aretoan. Hasteko, 18:30ean, Insumisas. Mujeres en lucha en el Sahara Occidental dokumentala ikusteko aukera izango da. Marokok emakume sahararren aurka erabiltzen duen indarkeria agerian jartzen duen dokumentala da hau. Filmak Mendebaldeko Saharako lurralde okupatuetan diharduten aktibisten lana dokumentatzen du, eta 1975ean Marokok lurralde hura inbaditu zuenetik emakume sahararren aurka egindako giza eskubideen urraketei buruzko datu estatistikoak ematen ditu.

Ondoren mahai ingurua egingo da. Gidari lanetan Euskal Fondoaren Saharako Koordinazio Unitateko arduradun Itsaso Andueza arituko da. 

Haurrentzako jolasak bihar

Bihar eguerdian, berriz, haurrentzako jolasak egingo dira Oxforden. Karetak, pultserak edota gatz koloretsuak egiteko aukera izango dute umeek eguerdiko 12:00etatik aurrera.