Inauteriak 2024

'Munduaren elur bolak' eta 'Rocket man', Inauterietako mozorro lehiaketako herritarren sariaren irabazleak

Juan Luis Romatet 2024ko ots. 16a, 12:00

Taldekako lehiaketaren irabazleak. (Maria Maya Manterola)

Baleike.eus webgunean emandako botoen bidez erabaki da pasa den asteburuan ospatutako Inauterietako mozorro lehiaketako herritarren saria.

Mozorroen festa izan zen pasa den asteburuan Zumaian, Inauterien aitzakian. Azken urteotan egin bezala, argazki txokoa egin zen Alondegiko Oxford aretoan. Han ateratako argazkiak baleike.eus webgunera igo ziren, eta erabiltzaileek emandako botoen bidez erabaki da zer mozorrok jasoko duten Inauterietako mozorro lehiaketako herritarren saria. 

Banakako eta binakako lehiakearen irabazlea. (Maria Maya Manterola)

Hala, boto gehien jaso dituzten mozorroak Munduaren elur bolak izanda dira taldekako lehiaketan, eta Rocket man banaka edo binakakoan. Lehenek, Gertu merkatarien elkarteak emandako 200 euroko erosketa txartela jasoko dute; bigarrenak 80 euroko txartela. Antolatzaileak harekin jarriko dira harremanetan.

Kartel lehiaketako herritarren saria

Inauterietako egitaraua iragartzeko kartel lehiaketa antolatu du aurten ere Zumaiako Udaleko Kultura Sailak. Lehiaketaren irabazlea Iolande Ostolaza izan zen. Herritarren saria erabakitzeko, berriz, lehiaketara aurkeztutako kartel guztiak Alondegiko sarreran jarri ziren, eta han izan zuten herritarrek beraien gogokoena aukeratzeko parada. Hala, herritarren sariaren irabazlea Ane Azkue izan da hemen ikus daitekeen kartelarekin.

Ane Azkueren kartel honek irabazi du herritarren saria.