Ostegun goizean itsasoratuko dute 'Edda Goelo' ontzia

Juan Luis Romatet 2024ko ots. 13a, 17:00
'Edda Goelo' ontzia Sarauneko moilan. (Juan Luis Romatet)

Balenciaga ontzioletan egindako itsasontziak goizeko 8:00etan utziko du Zumaia. Ordu horietan ezingo da nabigatu Urolaren itsasadarrean.

Ostegunean, goizeko 8:00etan, askatuko dituzte Edda Goleo ontzia Sarauneko moilara lotzen dituzten sokak, eta atoiontzien laguntzarekin Zumaiako portua utziko du. 

Portu Zuzendaritzak azaldu duenez, goizeko 7:00etatik 9:00etara bitartean murrizuta egongo da nabigazioa Zumaiako portuan, eta ez dute baimenduko ontziaren maniobrekin zerikusia ez duen bestelako jarduerarik.

Bretainian lan

Balenciaga ontzioletan egindako itsasontzia da hau eta 2022ko uztailean uretaratu zuten. Ordutik, Sarauneko moilan egon da beharrezkoak diren lanak egiten. Siemens Gamesarentzako egindako ontzia da eta Bretainiako (Frantzia) Saint-Brieuceko badian egingo du lan, han Iberdrolak duen haize parkean. Edda Goelo ontzi inudea izango da turbina eolikoetako teknikarientzat, itsasoko turbina eolikoetan mantentze-lanak egiten dituzten bitartean.

Etzi Zumaia utziko duen ontziak 83,5 metroko luzera du eta 18,6 metroko zabalera. 60 pertsona eraman ditzake, tripulazioa osatuko duten hogei lagun eta beste 40 teknikari. 30 metrorainoko garabi teleskopikoa darama, offshore parkeak mantentzeko berezia.