Zaintzak iraultzeaz Emaginekin, ez dadin bizitzarik eten

Erabiltzailearen aurpegia Sortu Zumaia 2024ko ots. 12a, 08:00

Zaurgarritasuna ez aitortzeak zer ondorio ditu zaintzen antolaketa sozialean? Eta zaintza eskubide unibertsala ez izateak nola eragiten dio Euskal Herriko zaintza erregimenari? Bizita erdigunera ekarri eta zapalduenen bizitzak etengo ez dituen eredurako trantsizioan zer hartu behar dugu kontuan?

Halako galderei tiraka, eta mugimendu feministaren gogoetez bustita, Ez dadin bizitza eten liburua osatu dute Miren Aranguren, Ainara Santamaria eta Monika Mendiberri Emagineko kideek. Datorren asteazkenean, otsailak 14, liburuko gogoetez arituko zaigu Miren Aranguren, liburuaren egileetako bat. Saioa 18:30ean izango da, Alondegiko Oxford aretoan.

Zaintza eskubide unibertsalaren aldeko borroka zikloa martxan da Euskal Herrian, eta mugarria izan zen joan den azaroaren 30eko Greba Feminista Orokorra. Grebak indarberrituta, zaintza krisiari eman beharreko erantzunaz gogoetatzeko aukera paregabea da asteazkeneko hitzaldia. Horregatik, interesa duen orori bertaratzeko deia luzatzen diogu.