Zumaiako rockaren historia argazkitan, Dardararen eskutik

Juan Luis Romatet 2024ko ots. 3a, 10:07

Zumaia musikaz Dardarka erakusketa zabaldu du Dardara Zumaiako musika kolektiboak Alondegiko Oxford aretoan. Herriko rock taldeen errepasoa egiten du argazkitan.

1980ko hamarkadatik hasi eta gaur egunera arteko Zumaiako rockaren historia jaso du Dardara musika kolektiboak Zumaia musikaz Dardarka argazki erakusketan. Atzo arratsaldean zabaldu zuten erakusketa Alondegiko Oxford aretoan, eta lehen ordutatik jende ugari bertaratu zen, horietatik asko argazkitan agertzen diren musikariak beraiek.

Erakusketa otsailaren 18ra arte bisitatu ahal izango da. Aretoa zabalik izango da egunero 18:00etatik 20:00etara; asteburuetan ere zabalduko ditu ateak, 12:30etik 14:00etara.

Otsailaren 17an, berriz, arratsaldez, kontzertu akustikoak izango dira aretoan bertan.