Inauteriak 2024

Kubara bidaia egingo du Musika eta Dantza Eskolako familiak inauterietako jaialdian

Juan Luis Romatet 2024ko urt. 28a, 09:00

Udal ordezkariak eta Musika eta Dantza Eskolako eta Bandako kideak jaialdiaren aurkezpenean. (Juan Luis Romatet)

Karibeko irla hartu du gai gisa Zumaiako Musika eta Dantza Eskolak inauteriei hasiera ematen dien kalejira eta jaialdirako.

Azken ia bi hamarkadetan egin bezala, Zumaiako Musika eta Dantza Eskolak kalejira eta jaialdia egingo du herrian inauteriei ongietorria emanaz. Bertan, eskola osatzen duten ikasle, irakasle eta gurasoek hartuko dute parte, baita Zumaiako Musika Bandak ere. Kalejira 17:30ean abiatuko da Ubillos jauregitik eta herriko alde zaharra zeharkatu ondoren, Sanjuaniturritik behera Erribera kalera jaitsiko da. Handik Beheko plazara joango dira, eta han ospatuko dute jaialdia.

Festa honen helburua arte espresio desberdinak uztartu eta gai baten inguruan festa bat egitea dela azaldu du eskolako zuzendari Sofia Oriak. Kuba aurtengo jaialdirako gai bezala hartzeko arrazoi berezirik ez dagoela ere gaineratu du Oriak. "Gabonen ondoren hasi ginen pedagogikoki honekin lanean. Jaialdiko egunak berak bai, baina egun horretarako heltzeko bideak du niretzako garrantzia. Ikasleen artean sortzen den motibazioa eta jakinmina, emozioak, energia, hori ikusi egin behar da, eta ikusita ere ez da sinesten".

Urteak eta jaialdiak pasatu ahala, ospakizunean gero eta jende gehiagok parte hartzen duela ere azpimarratu du zuzendariak. "Garai batean asko kostatzen zitzaigun jendea erakartzea kalejirarako eta festarako. Orain, berriz, jaialdian parte hartzea gauzarik normalena da; jaialdiak pixkanaka indarra hartu du", nabarmendu du. 

Ander Hormazurik egin du jaialdiko kartela.

Kalejiran parte hartu ahal izateko mozorro berezirik eraman beharrik ez dagoela ere adierazi du Oriak. "Gona edo kamiseta zuri bat jantzita nahikoa. Zerbait sinplea eramatea nahikoa da, imajinazioa zertxobait landu dezatela".

Ikastaroak jaialdia prestatzeko

Kalejira eta jarraian plazan egingo den jaialdia prestatzeko ikastaro batzuk ere antolatu ditu Musika eta Dantza Eskolak. Hala, astearteetan, 17:15etik 18:15era, dantzak ikasteko ikastaroa egingo da Zumaiena Ikastetxeko domoan. "Ikasle heldu, irakasle eta gurasoei zuzenduta dago eta irekia da, edozeinek har dezake parte".

Otsailaren 5ean eta 8an, berriz, astelehen eta ostegunean, 17:00etatik 17:30era bitartean, kalejira prestatzeko entseguak egingo dira Torreberrin. Ekintza hau ere herritar guztiei irekita dagoela nabarmendu du zuzendariak.

Horiez gain, instrumentuak sortzeko tailerra ere egingo dela azaldu du Oriak, "kalejiran joko diren marakak edo bestelako instrumentuak sortzeko".

"Urtero bezala gurasoek ere parte hartzea nahi dugu ikastaro hauetan harremanak indartzeko, baita ere ikasleen motibaziorako. Ikasleek ikus dezaten denok dugula ikasteko asko, baita disfrutatzeko ere", gaineratu du.