Eskualdeko arraun taldeek estreinatu dute Gipuzkoako Batel Liga

Jabi Gonzalez Toston 2024ko urt. 14a, 12:00

ZAE Zarautz Arraun Elkarteak antolatuta jokatu dituzte lehenengo estropadak eta kategoria absolutuan eta jubenil nesketan salbu, gainerako guztietan hartu dute parte Getaria, Orio, Zarautz eta Zumaiako ontziek.

Urola Kostako arraun taldeek dagoeneko abiatu dute Gipuzkoako Batel Liga. Atzo arratsaldean jokatu zituzten lehenengo estropadak Orion, ZAE Zarautz Arraun Elkarteak antolatuta. Guztira, 78 batel aritu ziren lehian zortzi kategoriatan banatuta adinaren eta sexuaren arabera. Jubenil nesketan eta maila absolutuan izan ezik, kategoria guztietan izan zen eskualdeko ontzi bat, gutxienez.

Lehenengo jardunaldiak utzitako sailkapenei erreparatuta, infantil mutiletan lortu zituzten emaitza onenak Urola Kostako arraun taldeek; izan ere, Oriok graipena lortu zuen eta Zarautz A-k bigarren postua. Zentzu horretan zehaztu behar da, oriotarrek ez dutela liga lehiatuko. Atzokoan, estropada etxean zelako hartu zuten parte.

Zumaiak eta Getariak ere lortu zituzten emaitza onak. Nesken promesa mailan, esaterako, bigarren postua lortu zuten gorriek eta hirugarrena marroiek. Ikusi hemen sailkapenak osorik.

Antolatzaileak, bestalde, gustura agertu dira atzoko lehen jardunaldia "oso ondo" atera zelako. Zentzu horretan, eskertuta agertu da Jon Artola ZAEko presidentea: "Zarauzko Arraun Elkartetik zoriondu egin nahi ditugu atzoko eguna posible egin duten boluntario guztiak, entrenatzailetatik hasita".

Artolaren esanetan, "arraunlari gazte askok denbora luzez itxaron duten eguna izan zen atzokoa. Hilabete asko egon dira estropadarik jokatu gabe eta gozatu egin zuten. Gainera, eguraldia ere lagun izan zuten". Halaber, ZAEko presidenteak nabarmendu du klubeko hainbat arraunlarirentzat estreinako estropadak izan zirela atzokoak:
"Zarauzko zortzi mutil infantilentzat beraien biziko lehenengo estropada izan, baita beste lau neska infantilentzat eta jubenil mutil batentzat".