Zabaldu dute 'Ez dago errautsik gabeko suterik' erakusketa

Maria Maya Manterola 2024ko urt. 13a, 17:00

Urtzi Ibarguen Guridi artistak sortutako lanak urtarrilaren 28ra artean ikusi ahal izango dira Alondegiko Oxford aretoan.

Hilaren 28ra artean ikusi ahal izango da Alondegiko Oxford aretoan Urtzi Ibarguen Guridi artistaren Ez dago errautsik gabeko suterik lanen bilduma. Atzo izan zen erakusketaren irekiera, eta Ibarguenek bertan azaldutakoaren arabera, BilbaoArten 2017an aurkeztutako bakarkako erakusketaren segida da Zumaiara ekarri duena.

Obra guztiek antropologia, espiritualtasuna nahiz sinboloak iradoki ditzaketen arren, denboraren azkartasuna dela eta gauzak historia nola bilakatzen diren aztertzen du Ibarguenek. "Berez zahar itxura duten lan hauek teknologia berriekin eginda daude. Murala, esaterako, laserrarekin grabatutako artilea da", azaldu zuen. Diseinuak ere digitalki egiten ditu artistak.

Dena den, teknologia berrietatik datoz erabilitako sinboloak. Programa informatiko batek sortu ditu gero Ibarguenek garatutako sinboloen oinarriak: "Programa horrek egiten duena da Interneten egiten ditugun bilaketak mapa batean erakutsi, cookie-n bitartez. Pantailan bi webgunetara sartzen bazara, programa horren bidez jakin dezakezu zenbat ari zaizkizun espiatzen eta zure datuak hartzen", azaldu zuen Ibarguenek. Figura geometrikoen antzeko sinboloak sortzen ditu programak, eta hori oinarri hartuta garatzen ditu bere diseinuak, obrak sortzeko gero. 

Espiritualtasunak badu paralelismo bat pantailekin, artistaren ustez: "Programa informatikoak sortzen dituen estrukturak izarrak gogorarazten dituzte. Guk ematen diegu esanahi bat gauza batzuei behar bat dugulako. Gure gainetik dagoen zerbait beti guri begira dagoena, jainkoa izateaz gain, programa informatiko hau bera izan liteke. Zuri begira daude, gainetik". 

Alondegiko Oxford aretoan dago ikusgai Ibarguenen lana. Astelehenetik ostiralera 18:00etatik 20:00etara bitartean ikusi ahal izango da erakusketa, eta asteburu eta jaiegunetan 12:30etik 14:00etara ere bai.