Urpemaken fabrika eraitsi dute, Torreagako etxebizitza plangintzaren barruan

Juan Luis Romatet 2024ko urt. 4a, 16:56

Estazio auzoan aurkitzen zen fabrika hau. (Juan Luis Romatet)

Azken egunotan amaitu dituzte Urpemaken fabrika eraisteko lanak. Torreagako promozioan 206 etxebizitza egiteko aurrelanketen barruan kokatzen dira lan hauek.

Torreaga fundizio zaharra zegoen eremuan 206 etxebizitza egingo dituzte, eta, aurreikuspenak betetzen badira, behintzat, hasi berri den 2024. urte honen lehen hilabetetan abiatuko dituzte lanak. Aurretik, gune horretan zeuden fabrika zaharrak eraitsi behar izan dituzte.

Urpemak enpresaren faktoriaren kasua da. Eraikina hutsik egon da azken urteetan, eta orain hilabete batzuk hasi ziren fabrika zaharra botatzen. Gabonetako etenaldiaren ostean, aste honetan amaitu dituzte lan horiek.

Enpresa 1956. urtean sortu zuten Unanue Azkue anaiek. Ondartxoko lokal txiki batean eman zituen lehen pausoak, eta hasiera hartan mekanizatu-lanak egiten zituzten enkarguz. Gerora, diesel motorrak eta makina-erremintak egiten hasi ziren. 1960. urtean pasatu ziren Ondartxotik Estazio auzora, eta bi urte geroago, 1962an, Talleres Urpe izen komertzialarekin hasi ziren lanan. 1994. urtean Urpemak, S.L. bihurtu zen, eta injekzio makinen aldeko apustua egin zuten jabeek. Enpresa 2009. urtean itxi zuten.

ZIIZ taldearen webgunean irakurri daitezke enpresa honen nondik norakoak.