Kimikarekin, zientziarekin, oro har, jolasteko aukera izango dute beste behin ere herriko haurrek Kimikarin tailerren bidez. Alondegia kultur etxeko Oxford aretoan egingo dira urtarrilaren 2an, asteartea. Bi txanda izango dira, goizez eta arratsaldez, eta interesdunek bietako batean eman beharko dute izena. Goizeko saioa 10:00etatik 12:00etara egingo da, eta arratsaldekoa 16:00etatik 18:00etara.
Tailer hauek 5 eta 12 urte bitarteko haurrei zuzenduta daude eta Learning by doing metodologia finlandarrean oinarrituta daude: zientziaren aspektu ulergarriena erakutsiko zaie eta ikasketa eta dibertsio kontzeptuekin loturak sortuko zaizkie. Norberaren trebetasunak lantzeaz gain, talde lana indartzea ere badu helburu programak. Hala, hiruzpalau esperimentu egingo dituzte taldeka, eta saioan zehar esperimentu batetik bestera joateko aukera izango dute parte hartuko duten haurrek.
Programan parte hartu nahi duten haurrek aurrez izena eman beharko dute ingurumena@zumaia.eus helbidera mezu bat bidalita. Izen ematea doan da eta epea abenduaren 28ra bitartean.