Azaroak 25

'Zure egia, guztion ardura' lelo hartuta aurkeztu dute A25arekin lotutako egitaraua

Maria Maya Manterola 2023ko aza. 16a, 13:30

Zumaiako eragile feministen eta udal ordezkarien agerraldia, egitaraua aurkezteko. (Zumaiako Udala)

Gaur hasiko da Zumaiako eragile feministek eta udalak elkarlanean prestatutako egitaraua, Monica Ramos Tororen hitzaldiarekin. Datozen egunetan zenbait tailer, saio eta protesta izango dira. 

Heltzear da Azaroaren 25a, Indarkeria Matxistaren Kontrako Eguna, eta beste urte batez, Zumaiako eragile feministek eta udalak egitarau oparoa antolatu dute datozen egunetarako. Gaia lantzeko saio, tailer eta protesta ugari izango dira. 

Zure egia, guztion ardura lelo hartuta aurkeztu dute egitaraua aste honetan. Gaur hasiko da egitaraua, Monica Ramos Tororen hitzaldiarekin. Gerantropologo feminista da bera, eta adineko emakumeenganako genero indarkeriari buruz arituko da 18:30etik aurrera Emakumeon Etxean. 

Udal ordezkariek "lehentasunezko konpromiso politikotzat" agertu dute indarkeria matxistaren adierazpen guztien kontrako lana, eta indarkeria matxistatik libre egongo den gizartea eraikitzeko guztien betebeharra nabarmendu dute. Aurki plazaratuko dituzte azken urtean herrian izandako indarkeria matxista kasuen inguruko datuak. 

Egitaraua

Gaur, azaroak 17

18:30. Genero-indarkeria adineko emakumeen aurka: arazo ikusezin bat hitzaldia, Monica Ramos Tororen eskutik, Emakumeon Etxean. 

Bihar, azaroak 17

11:30-13:30. Maskulinitateak lantzen tailerra Soldadura Eskolako ikasleekin, soldadura zentroan. 

Asteazkena, azaroak 22

18:00. Zaintza zaintzen. Zumaian zaintza sistema komunitarioa eraikitzen jardunaldia, Oxford aretoan. 

Ostirala, azaroak 24

11:00. Zumaiako eskolen giza katea Martxoaren 8a plazatik hasita. 
11:20. Indarkeria matxistaren kontrako adierazpena irakurri eta Zumaiako Bertso Eskolak egindako bertsoak abestuko dituzte Beheko plazan. 

Larunbata, azaroak 25

13:00. Manifestazioa Beheko plazatik hasita, Zumaiako Mugimendu Feministak deituta. 

Osteguna, azaroak 30

Greba feminista orokorra, Euskal Herriko Mugimendu Feministak deituta