Igel eta toka lehiaketak, eta bertsolari gazteen saioa, repetizioetako lehen orduetan

Juan Luis Romatet 2023ko api. 22a, 10:30

Abian dira dagoeneko San Telmo jaien repetizioak. Beheko Plaza elkarteak antolatutako igel eta toka lehiaketarekin hasi ziren festetako bigarren asteburuko jarduerak. 

Jaien asteburu bakarrarekin nahikoa ez, eta santelmoen bigarren asteburuan, repetizioetan, murgildu da dagoeneko herria. Igande gauerdian Kofradiako bandera jaitsi bitartean nahikoa ekitaldi izango dute herritarrek zein bisitariek.

Beheko Plaza jubilatuen eta pentsiodunen elkarteak antolatutako igel eta toka lehiaketa izan zen atzo arratsaldez Torreberriko aterpean. Azken urteotan egin bezala, haur zein gaztetxoei ere lekua egin diete nagusiei, eta haiek, gazteak, izan ziren lehiatzen lehenak. Batzuentzako lehen aldiz aritu ziren joko tradizional hauetan. Jarraian, nagusien txanda izan zen.

Iluntzean, berriz, bertsolari gazteak entzuteko aukera izan zen Alondegiko Oxford aretoan. Koplatan eta bertsotan aritu ziren harrobiko bertsolariak bertaratutakoen aurrean.