Erretratua

Patua eta Agedita

Onintza Lete Arrieta 2022ko eka. 4a, 11:30

Ilustrazioa: Irene Irureta eta Karmele GorroƱo

Angel Olabarria (Azpeitia, 1962) oinetako, zola eta mailu artean ibiltzen zen txikitan, Azpeitiko gurasoen dendan, oinetako konpontzaileak zirelako haiek. Hainbathamarkada geroago, ofizioa bere egin du halabeharrez, eta argazkigintzarakoafizioarekin partekatzen du. Apirileko Baleike aldizkarian argitaratutako erretratua da hau.

Alde Zaharrean oinetakoak konpontzeko denda dauka Angel Olabarriak (Azpeitia, 1962) duela zazpi urtetik. "Ez dakit patua izan den edo nola deitu, 53 urterekin ekin diodalako gurasoen lanbideari", kontatu du Olabarriak. Orain urte batzuk esan izan baliote ez zukeen sinetsiko, baina Marcial Ucin lantegia itxi eta kalean gelditu zenean, 360 graduko aldaketa eman behar izan zion bere karrera profesionalari. "Azpeitian, Elizkalean zeukaten oinetakoak konpontzeko denda gurasoek, eta oinetakoak saldu ere egiten zituzten. Txikitan, baita gaztetan ere, aritzen nintzen haiei laguntzen, eta,horregatik, ordurako banekizkien ofizio honetako zenbait kontu". 

Agedita dendaren –izen hori jarri zion gurasoen denda ere halaxe deitzen zelako– historia hasieratik kontatzeko, esan bezala, zazpi urte egin behar dira atzera. "Langabezian gelditu nintzenean, saiatu nintzen orduko lanbidearekin lotutako lanen bat aurkitzen. Marketin saileko saltzailea izan nintzen urte askoz, eta banituen harremanak hornitzaileekin eta. Baina 53 urterekin ez da erraza lan merkatuan sartzea, eta egin zizkidaten eskaintzak ez ziren erakargarriak. Denboraldi bat langabezian pasatu ondoren bururatu zitzaidan gurasoen ofizioari heltzea", azaldu du. 

Hala, hiru hilabetez ikasten aritu zen zapata konpontzaile batekin, eta Zumaiako Alde Zaharrean ixtear ziren denda hartu zuen. "Nik ez nuen hutsetik ireki nahi denda, ez nuelako inbertsio handirik egin nahi. Ofizio honek ez du dirurik ematen, eta jada martxan zegoen negozioa hartzea erabaki nuen". Zunbillo kalean, udaletxearen eta Sasiain harategiaren artean dauka lokala, eta hantxe pasatzen du eguna, goizetik iluntzera, astelehenetik ostiralera. "Gustukoa dut lana, eta, gainera, eguerdiko tarte zabalak aukera ematen dit argazkiak ateratzera joateko edo irakurtzeko. Baina argi nuen asteburuetan ez nuela lanik egingo". Izan ere, gogoan du txikitan larunbatak gurasoen dendan igarotzen zituela. "Gurasoek igandeak bakarrik izaten zituzten gurekin gozatzeko. Lana gogotik eginda atera zuten familia aurrera", gogoratu du. "Orduan ere ofizio honek ez zuen nahikoa diru ematen, eta aitak bi lan zituen. Eguna tailerrean igarotzen zuen, eta 18:00etatik 23:00etara aritzen zen oinetakoak konpontzen", esan du azpeitiarrak. 

 Ofizioa gustuko du, ez hainbeste, ordea, baldintzak eta dendaren kokalekua. Batetik, ez du soldata ateratzen Agedita dendarekin. "Gizarte Segurantza, alokairua eta bestelako gastuekin hilero 1.000 eurotik gora ordaindu behar ditut, eta pentsa zenbat oinetako konpondu beharko liratekeen gastuak kendu eta soldata izateko". Herriko dendariak Interneteko saltokiez dira kexu, eta berari, ez diote onik egiten ez batak, ez besteak. "Ulertzen ditut herriko saltzaileak Internetez kexatzen direnean. Baina beraieiere esaten diet urte osoan beherapenak eskaintzen dituztela, eta oinetako bat 25 euroan saltzen badute, nire negoziorako ez dela ona hori. Izan ere, nik materiala erosi, lanorduak sartu eta zenbatean konpondu behar diot bezeroari oinetakoa, berria erostea aukeratu ez dezan?". Hala, aitortu du batzuetan beldurrez esaten diola bezeroari zenbat kostatu den konponketa. "Batzuek ulertzen dute, badakite atzetik zer lan dagoen, baina beldurrez ibiltzen naiz".

Bestetik, Alde Zaharra gero eta hilago dagoela uste du, eta herritarrei gero eta gehiago kostatzen zaiela bertaratzea. "Orain gutxi itxi dituzte hiruzpalau denda. Eskerrak udaletxea hemen goian dagoen, eta katekesia ere elizan egiten den eta gurasoen joan-etorria eta izaten den", esan du. 

Ez dauka bezero mota zehatzik, baina azaldu du adineko herritarrek ohitura gehiago dutela oinetakoak konpontzeko. "Dena den, nik nabaritzen dut Azpeitia aldean joera gehiago dagoela horrelako zerbitzuak erabiltzeko kostaldean baino", iritzi dio. Sasoiari dagokionez, negua izan ohi da lan gehien edukitzen duen garaia. "Eguraldi txarrarekin etortzen da jendea zola aldatzera, zulatuta ura sartzen delako edo gastatuta dagoelako".  

Alpargatak eta 'souvenir'-ak ere bai

Kontuak kontu, Olabarriak asmatzen du jendea dendaraino erakartzen, bai, behintzat,bisitariak. "Sanjuaniturriraino iristen dira bisitariak, hortik ez dira pasatzen. Hortaz, nik denda aurrera ateratzen dut souvenir-en panela, eta hori ikusten dutenean, igo egiten dira honaino", esan du irribarre txikiarekin. Oinetakoak konpontzeaz gain, izan ere, saltzen baititu poltsak, katiluak, hozkailurako imanezko eranskailuak eta halakoak. Denak, noski, Zumaiarekin erlazionatuta. Berak egindako argazkiak oinarri hartuta enkargatzen ditu serigrafiak eta bestelakoak, hainbat euskarritan erabiltzeko. 

Salgai dituen produktu guztietatik, berezienetakoak hozkailurako eranskailuak dira, egurrezkoak eta erliebedunak. Flyscha eta San Telmo ermita ageri dira batzuetan, Sanjuaniturri beste batzuetan... "Lizarran (Nafarroa) ikusi nituen behin antzeko eranskailuak, eta hango liburu denda bateko jabearen bitartez jarri nintzen harremanetan lan horiek egiten dituztenekin. Berezia iruditu zitzaidan, eta Zumaiara ekartzeko modukoa", azaldu du. 

Jenero ohikoagoa ere badu salgai dendan, ordea: alpargatak. Kolore eta tamaina askotakoak ditu, baina esan du horien salmenta ere beherantz doala pixkanaka.

Afizioa ere Zumaiartuz

Agedita dendan atentzioa ematen duen beste elementu bat eskuinaldeko horman zintzilik dagoen irudia da. Plano hurbileko argazkia da, eta bertan bikote bat ageri da, gizonezkoa behera begira eta emakumezkoa gizonari eztiki begira. Irribarretsu biak. Tamaina handiko argazkia da, Olabarriak egindakoa Bartzelonan orain urte batzuk, eta Azpeitiko argazkizale elkartearen urteroko erakusketan ikusgai egondakoa. "Emazteak esan zidan dendarako egokiagoa zela Zumaiarekin zerikusia zuen irudiren bat, baina hau jada formatu egokian neukanez, aprobetxatzea okurritu zitzaidan", azaldu du. 

Denda duenetik, gainera, keinu bat baino gehiago egin dio Zumaiari. Izan ere, hainbat irudi bilduma ditu argitaratuta, eta azken bi bildumetan toki nabarmena hartu dute Zumaiako paisaiak, kaleek nahiz herritarrek. Izena ere, Zumaia eta Zumaia II jarri die bildumei. "Orain arte neuretzat argitaratu izan ditut, etxerako, ale bat edo bi. Baina azken bilduma hauen kopiak eskatzen hasi zitzaidan bat edo beste, eta azkenean dozena bat argitaratu ditut", kontatu du. Zuri-beltzeko nahiz koloretako argazkiak dira. Horietako batean Balenciaga arrandegiko Igone Balentziaga arrain saltzailea ageri da amarekin –BALEIKEren aurreko zenbakiko Erretratua ataleko protagonista izan da Balentziaga–, zuri-beltzean; beste batean, flyscha ilunsentiko kolore biziekin; itsasadarra goitik ikusita; ontziola, etab. 

Ondoko harategikoak ere hartu dizkio argazki batzuk pendrivean, baskula berrian erabiltzeko. Eta horrela igarotzen ditu astegunak, orain oinetakoa konpondu, orain argazkia egin eta norbaiti erakutsi. Afizioa uztartuz gurasoengandik jasotako ofizioarekin. 

  • Adina: 60 urte.
  • Ikasketak: BUPeko bigarren maila.
  • Lanbidea: oinetako konpontzailea.
  • Oinetako konpontzailea ez banintz… erosketa saileko aurreko lana.
  • Lanetik ateratzean gogoko dut… argazkiak atera, mendira joan eta pasiera egin.